5. Informazio puntua
Hauxe da, zalantzarik gabe, Ataungo Domoa behatzeko lekurik aproposenetakoa. Bertatik, primeran ikus baitaiteke, Domoko kareharriek osatzen duten ertzaren forma zirkularra. Behe Kretazeoan, itsaspean metatu ziren arrokak goratzen hasi zirenean, bi tolesen interferentzia baten ondorioz, kupula eran deformatu ziren. Milioika urtetako higadura prozesu bati esker, iraganean forma nabarmenagoa izango zuen Domoa gaur egungo itxura hartu arte desegin da. Higatze prozesu horretan, Domoaren barruan nahiz kanpoan dauden material buztintsuak azkarrago higatu dira. Hauek kareharriak baino biguinagoak direnez, erliebe baxuagoa eman dute. Horregatik, gaur egun Domoaren ertzean kareharriak nabarmentzen dira.
Informazio orokorra: Domoaren sorrera
Domoaren ertzean gailentzen diren tontor nagusiak primeran ikusten dira hemendik: Agautz, Leizadi, Artzateaitza, Muñoaran, Loibeko mailoak, Jentilbaratza, Aizkoate, Intzartzu eta Arastortz. Domoaren barrualdeko gainazaleko urak biltzen dituzten Aitzarte eta Kobatxo errekek kareharrizko ertzean sorturiko arroilak ere parez pare ikus daitezke. Errekek irteera horiek irekitzerakoan, nagusitu den higadura errekek eragindakoa izan denez, ibai haranen bereizgarri den “V” itxura nabarmena daukate. Aitzarte eta Kobatxo errekek, aldi berean, Domoaren barru aldeko erliebea moldatu dute. Bi erreka nagusi horiek gehien higatu dituzten bi eremu edo harantxoen artean, Domoaren erdialdean kokaturiko Bedamaburuko tontorra ere nabarmentzen da.