Dorrontsoro
This short and simple tour, without the need to climb to the top of Atxurbide, offers the possibility of interpreting the landscape of the Dome and the relief of Ataun. Because you can climb up the road to the highest point of the route, we can say that it is a suitable plan for people with accessibility problems. No difficulty: Aimed at all audiences.
Informazio orokorra: Domoaren sorrera
Domoaren sorrera azaltzeko, bi fase orokor nabarmendu daitezke. Batetik, gaur Domoan aurki ditzakegun materialak pilatu ziren garaia dago. Bestetik, material horiek goratu eta gaur egungo itxura lortu arteko eraldaketa prozesua aipatu behar da.
Materialen metaketa orain dela 120 milioi urte sortzen hasitako itsaso batean gertatu zen, Kretazeo deituriko garaian. Gaur egun Ataun deitzen diogun eremua itsaspean zegoen garai hartan, baina itsaso hartan ere, milioika urteetan zehar, baldintza ezberdinetako momentuak egon ziren. Kosta gertuago zegoen garaietan, ibaiek kontinentetik garraiaturiko buztinak ugariagoak ziren. Horrela sortu ziren tupak eta lutitak. Kosta urruntzearekin, ordea, buztinak gutxiagotu eta karbonatodun materialen metaketa nagusitu zen, kareharriak sortuz. Karbonato pilaketa hori, garai hartako itsasoan bizi ziren mota ezberdinetako molusku eta koralei zor zaie. Izan ere, hauek hiltzerakoan, hauen oskol eta egiturak itsaspean metatu ziren, gaur egun Domoan gailentzen diren kareharriak sortuz. Horrela, milioika urteetan zehar, itsaspean buztin kontzentrazio handiko materialen artean, kareharri geruza bat pilatu zen, sandwich bat balitz moduan. Gerora ere, geruza horien gainean, milaka metro metakin edo sedimentu gehiago ere pilatu ziren. Kretazeo garai honetan itsaspeak jasan zituen prozesuen ondorioz, geruza horiek ez zituzten gainazal lau batzuk osatzen, tolestuta zeuden, arku bat sortuz bezala.
Orain dela 50 milioi urte, ordea, orogenia alpetarra deituriko garaia hasi zen: Iberiar plakak Europarekin talka egin zuen eta gertakari hark sorturiko indarren ondorioz, milioika urtetan zehar itsaspean metaturiko materialak goratzen hasi ziren. Ataungo Domoa ezezik, Euskal Herriko eta Pirinioetako mendiak ere orduan altxatu ziren. Hemen urpean kokatzen ziren tolesturiko material horiek kontrako norantzan deformatzen hasi ziren, bi tolesduren arteko interferentzia bat sortuz. Horren ondorioz, material horiek kupula edo esfera-erdi moduan altxatzen hasi ziren. Goratze prozesu hark 20 milioi urte inguru iraun zituen. Material hauek, lehenengo itsaspetik ateratzerakoan eta gero prezipitazioen eraginez, higatuz joan dira milioika urteetan zehar, gaur arte. Domoko kupula horretan, kareharriak arroka buztintsuz osaturiko bi geruzen artean zeudenez, kupularen sabaia higatzearekin batera, kareharrien kanpoko eta barruko materialak azkarrago higatu dira, arroka buztintsuak (tupak eta lutitak) kareharriak baino biguinagoak direlako. Horregatik, Ataungo Domoa hain ikusgarria egiten duen kareharrizko koroa formako mailoak gailentzen dira.
Informazio orokorra: Domoko fosilak
Domoaren ertzean gailentzen diren kareharrien sorrera Behe Kretazeoan hemen existitu zen itsaso batean gertatu zen. Zehatzagoak izateko, Aptiar garaikoak dira, orain dela 120 milioi urte ingurukoak. Itsaso hura irudikatzeko, gaur egungo itsaso tropikal bat imajinatu behar dugu: sakonera gutxiko eta ur garden eta epeleko itsaso bat.
Domoko kareharria, batez ere, itsaspean bizi ziren animalien egitura gogorren pilaketatik sortu zen: moluskuen oskolak eta koral zatiak, besteak beste. Egitura horiek kaltzio karbonatoan oso aberatsak zirenez eta itsaspe hartara buztin oso gutxi iristen zenez, baldintza haietan sorturikoak, oso kareharri puruak dira: buztin proportzioa %1-3 artean dago eta gainerakoa kaltzio karbonatoa da.
Arroka hauen jatorriaren aztarnak nahiko erraz aurki daitezke Domoko kareharrietan. Izan ere, bide inguruan ditugun arrokak aztertuz gero, hauen sorrerako itsaso hartan bizi ziren hainbat bizidunen fosilak aurki daitezke. Fosil hauek, bizidun mota ezberdinak identifikatzea ahalbidetzeaz gain, adituei bizidun hauen paleoekologia ulertzeko informazioa ere ematen diete. Paleoekologiak, animalia hauek bizi zireneko ingurunea nolakoa zen azaltzen digu.
Ataungo Domoan bertan, kokapenaren arabera, fosil mota ezberdinak topa ditzakegu. Orokorrean, ugarienak direnak errudista izeneko molusku batzuen fosilak dira. Errudisten barruan mota ezberdinetakoak aurki daitezkeen arren, errazen identifikatzen direnak errekienido motakoak dira. Hauen oskolen forma kolore ilun deigarri batez nabarmentzen da arroketan, horregatik, nahiko erraz atzeman daitezke. Hauek forma nahiko zapala zuten eta bakarka bizi ohi ziren. Horiez gain, bertikalean hazten ziren eta kopa forma zuten monopleurido eta polikonitidoak ere bizi ziren itsaso hartan. Azken errudista mota hauek taldean hazteko joera zuten, elkarri babesa emanez. Taldekatze horietan, ertzetan zeudenek buztin eta olatuen eragin gehiago izango zuten, baina erdikoak babestuago mantenduko ziren.
Itsaso tropikal hartako koral adarkatu finak aurkitzea ere nahiko ohikoa da, nahiz eta trebatu gabeko pertsonei hauen identifikazio-lana errudistena baino zertxobait zailagoa gerta dakiguken. Koral adarkatu finen kasuan, batzuetan adarkatzeak bereizi ahal izango dira, baina beste batzuetan, koralen barne egitura erakusten duten sekzio zirkular txikiak ikus daitezke.
Urkilagako portutik Agautz mendira doan bidearen lehen zatian, batez ere, garai hartako ostren aztarnak aurki daitezke, batzuk bidearen ertzeko arroketan, baina baita bide zidorrean bertan azaleratzen diren zenbait harritan ere.
Hauez gain, Urkilagatik Agautza doan bidearen erdi aldean dauden kareharri harlauza batzuetan, itsaso hartako gastropodo mota baten fosil ugari ikus daitezke. Hauek nerineido motako barraskilo luzexka batzuk dira.