ROUTES THE ATAUN DOME

3. Informazio puntua

Olatako pasoa deituriko puntu honetan, Domoaren kareharrizko koroaren ertzean gaude, hain justu. Horregatik, kareharrizko mailo hauek behatzeko leku aparta da. Bertatik, ipar-ekialdera begiratuz, parez pare ikusten da Intzartzuko gailurra.

Olatako behatokiaren hegoaldean, Kobatxo errekak Domoaren ertza zeharkatuz zabalduriko arroila ikusgarria dago. Honen gainean, parez pare, Domoaren ertzeko kareharri geruzen orientazio ia bertikala garbi ikus daiteke. Hau egitura bitxi honen sorrerari loturiko ezaugarri bat da. Izan ere, materialak kupula eran deformatu eta goratu zirenean, itsaspean metatu ziren materialen geruzek orientazio bertikal hori hartu zuten.

DOMOAREN SORRERAREN AZALPENA

Domoko kareharrizko ertzaren barruan dauden materialak biguinagoak direnez, hauek gehiago higatu dira eta Domoaren barrualdean erliebe baxuagoa aurki daiteke. Higadura prozesu horretan azkeneko lana batez ere errekak egin du eta horren ondorioz Kobatxo errekak sorturiko bailara parez pare ikus daiteke. Olatako behatokitik ondo ikusi ezin bada ere, Kobatxo errekak Domoaren ertzean sorturiko arroilak erreken higaduraren bereizgarri den “V” itxura nabarmena dauka.

Domoaren ertzeko mailo eta harkaizti hauek habitat ezin hobeak dira hainbat hegazti harrapari eta sarraskijalerentzat. Horregatik, oso bereziak diren hainbat espezie aurki daitezke Ataungo Domoan. Garrantzitsuenen artean, sai zuria (Neophron percnopterus), belatz handia (Falco peregrinus), nahiz hontz handia (Bubo bubo) aipa daitezke. Paraje honetan sai arreak (Gyps fulvus) topatzea ere oso ohikoa da. Hauek guztiak legez babesturiko espezieak dira.

To top