Historiaren aldetik, garrantzi handiko herria izan da Ataun, Nafarroarekin muga egiteak zekarren kokapen estrategikoa dela eta. Egun bigarren mailako igarobide den arren, garai batean Nafarroatik Kostara zihoan bidea bertatik igarotzen zen.
Garrantzi honen lekuko zen aurreko garaietako biztanleria, egungoa baino nabarmen handiagoa zena. Iraganeko garrantzi honen aztarnak egundaino iritsi dira, zutik baitiraute Zubikoeta (XVII) eta Zelaibar jauregiek (XVI), Toursko San Martin elizak, San Gregorio Magnoren eliza (XIX) eta Santixabel eliza (XX), Udaletxeko eraikina (XVII),… Hauen barnean ere bada altxorrik, hala nola San Martingo elizako barroko iberiarreko organoa, Gipuzkoan diren 7-en artean garrantzitsuenetakoa dena, eta Errenazimentuko erretaula.
Denboran atzerago eginez, lehen gizakiek utzitako trikuharriak (Aralar eta Ataun-Burunda estazio megalitikoak) eta Pikandieta edo Limurita bezalako kobetako aztarnak, erromatar garaiko Berrenoako galtzada bide zaharraren aztarna,… Joxemiel Barandiaran ataundarrak landutako hainbat eta hainbat gune ere badira ikusgai.
Tradizioari jarraikiz, artzainen saroiak, Ataunen hain garrantzitsu izan den kablea eta bere funtzionamendua eta karobizuloak ere gorde dira atzoko bizimodua ulertzen lagun gaitzaten. Eta, nola ez, Joxemielek bere lanetan bildutako altxorra, ataundarrok harrotzen gaituena, eta Barandiaran museoan ikusgai dagoena: mitologiaren mundua.
Bibliografia
Agirre, J., Alvarez, D., Lamikiz, X., Moraza, A. eta J. A. Mujika. 2006. Kulturbideak Aralarren. Harrien atzetik urratsez urrats: Giza Iraganaren Aztarnak Aralarko Parkean. Gipuzkoako Foru Aldundia, Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentua. Donostia.
Aguirre, Iñigo et al. 1990. Bailarak : guía de ríos, valles y comarcas de Euskal Herria. Vol. 6. Sendoa-Linorsa-Kriseilu. Donostia
Aizpurua, Jon. 2005. Jentilen Etorrera: herri baten arima (1981-2005). VIII. Ataun Aztergai Beka. Ataungo Udala.
Aranburu, P.J. 2003. Ataungo ogibide historikoen edo artzaintza, nekazaritza, basogintza, errota, eraikuntza eta zerbitzuen kulturazko eragin nagusia bertako ETNOSAren historian, XIV-XX mendeetan. VII. Ataun Aztergai Beka. Ataungo Udala.
Ayerbe, Enrique. 1981. Mendiak II: Montes de Euskal Herria, Naturaleza y Huella humana. ETOR. Donostia.
Ayerbe, Enrique. 1990. Ibaiak eta haranak: Historia, arte eta paisajearen gidaliburua. ETOR. Donostia.
Barandiaran, J. M. 1972. Diccionario ilustrado de mitología vasca. In: Obras Completas, I. alea. La Gran Enciclopedia Vasca. Bilbo.
Barandiaran, J. M. 1973. Eusko folklore. In: Obras Completas, II. Alea. La Gran Enciclopedia Vasca. Bilbo.
Urdangarin, Nekane eta Munduate, Leire. 1996. Karobiak Ataunen. Eusko Jaurlaritza.