IBILBIDEAK

IBILBIDE MITOLOGIKOAK

Jentilbaratza ibilibidea

Jentilak zelatan

2.76 km-ko ibilbide labur eta erraza, Jentilbaratzako jentilen kondairak ezagutzeko balioko diguna. Eliza, Zaindegi etxea, Mendiolako gaina eta Agerre baserria Jentilbaratzako gaina zaindari dugula igaroko ditugu jentil kontuak entzunez.

Altuera min.: 156 m.
Altuera max.: 253 m.
Desnibela: 130 m. 105 m.
Distantzia: 2,76 km.
Denbora: 1 or.
Zailtasuna: facil
Perfil de la ruta

MITOAK

Jentilbaratza izena ematen zaio Arratetako estugunearen gainean dagoen Artxabaleta izeneko mendi zorrotz bezain garaiari. Bertan ageri dira oraindik XII, XIII eta XIV. mendeetan zehar Nafarroako erresumak han eraikitako gazteluaren horma bikoitzaren hondakinak. Dena den, bada horma hau Tartalok eraiki zuela esaten duen istoriorik ere. Uste denez, gain honetan ehortzi zituzten azken jentilak, eta hortik datorkio Artxabaletako gainari bigarren izena: Jentilbaratza, jentilen baratza edo hilerria. Ehortzi bakarrik ez, jentilak aurretik ere bertan bizi baitziren, edo hala diote behintzat kondairek. Jentilbaratzak, ordea, igoera malkar xamarra du, eta ausartenentzat utziko dugu bertaratzea. Guk txango labur eta erosoa egingo dugu, bide guztian itzal eginez gure gainean izango dugularik. San Martingo plazan hasiko dugu ibilbide hau, eliza, Zaindegi etxea eta Jentilbaratza, hirurak bistan ditugula. Jentilak, gizon basati eta indartsuak, inguruko kristauekin bakean bizi ziren arrunki. Hala, eliza asko egiten lagundu zietela esaten da, baina Ataunen behintzat, ez dirudi horrela izan zenik, beste kontu batzuk entzute gehiago izan dute eta. SAN MARTINGO PLAZA: Zaindegiko atsoaren esaunda Hasi ziren kristauak eliza eraikitzen Mendiolako gainean, egun hilerria dagoen lekuan; baina egunez han biltzen zituzten harri guztiak, gero, gauez, desagertu eta, erreka ondoan, egun eliza dagoen lekuan agertzen ziren. Zer gertatzen zen jakin nahian, gau batean Zaindegiko atsoa etxeko leihotik begira zelatan jarri zen, harriak behera nork jaisten zituen ikustearren. Han ikusi zituen jentil indartsuenak harriak eskuetan hartuta, besteak idiekin, denak harriak Mendiolatik erreka ondora jaisten. Une horretantxe jentil bat idiekin Zaindegi ondotik igaro eta atsoa zelatan ikusita hauxe esan zion: Aida zurie, aida gorrie, Zelatan dagon andra horri Ataiok ezkerreko begie Ordutik aurrera andre hura begibakar gelditu zen. Eta geroztik denak jentilen esanetara makurtu eta orain dagoen lekuan eliza egiten jarri ziren. Zergatik ez ote zuten nahi eliza Mendiola gainean jentilek? Gertura gaitezen Mendiolara, ea honen zergatirik asmatzen dugun!

MENDIOLA: Jentil harroaren arazoak Plazan aipatu moduan, hementxe, gain honetan hasi ziren eliza egiten herriko kristauak. Baina jentilek eliza ikusi nahi ez nonbait, eta ezkutuagoan eginarazi zieten azkenean kristauei. Ziur elizako harriak hemendik behera mugitzen lehena jentil harroa izan zela. Eta eskuekin gainera, bera baitzen jentil guztien artean indartsuena. Pentsa, gainerako jentil guztiak mendean zituen! Jentil harro honek bere denbora Jentilbaratzatik Leizadira eta Leizaditik Jentilbaratzara bueltaka pasatzen zuen, tarteka deskantsurako eta erronka berrietan pentsatzeko “Jentilleseitaeondakoarrie” bezala ezagutzen den harrian eseriz. Bistan da, hortik datorkiola harri horri bere izena. Jentilbaratzaren azpiko artadiaren beheko mugan ageri den harri hartantxe igarotzen zuen, bada, bere denboraren zati bat. Halako batean, eserita erronka berrietan pentsatzen ari zela, kristauen artera joatea pentsatu zuen, ea han berarekin borroka egiteko gizonik ba ote zen. oan zen Lazkao aldera, eta bidean hamalau urteko mutiko bat aurkitu zuen. Ea hura gizona al zen galdetu zion. “Oraindik ez naiz ni gizona, gaztetxoa naiz bada” – erantzun zion mutikoak. Lazkaotik behera Senpere aldera zihoala gizon zahar bat aurkitu zuen, eta hari ere galdetzen dio ea gizona al zen. Bera adinean pasatuta dagoela, baina erantzun zion Beasaingo olan aurkituko dituela behar bezalako gizonak. Baita joan ere jentil hau zuzenean Beasaingo olara, han gizonik ba ote zen galdezka. Kristau errementari bat atera zitzaion. Eta jentilak esan zion orduan: “Niri atzaparrik bueltatuko didan gizonik bada, atera dadila”. Errementari horrek baietz esan zion, “nik bi behatzekin heldu bitartean itxaron”. Eta hala sutan guritutako kurrikekin sudurretik heldu jentilari eta sudurra moztu zion. Jentila garrasika Jentilbaratzara itzuli zen, eta bere lagunek. “Zer egin dizute?” Galdetu zioten. “Kristauek arte gaiztoak dituzte” Erantzun zien. Eta ordutik jentilek kristauei beldurra hartu zieten. Dena den, ez dakigu lehenagoko ala beranduagoko kontuak izango diren, baina jentil batzuek behintzat kristauekin erlazio estua zuten, gauero jaisten baitziren karta-jokora Agerre baserrira. Horrelako harreman estua izaki, ziur Agerre baserrian badela zer kontaturik, eta txango bat emanez bertara gerturatuko gara.

AGERRE: Urrezko izara eta Agerreko madarikazioa Jentil harroaren istoriotik ondorioztatu moduan, baliteke kristauen beldur bizi izana, baina ez denak, batzuen batzuk bederen ongi konpontzen baitziren. Lehen esan bezala, karta jokoan aritzera baserri honetara, Agerrera, jaisten ziren jentilak. Hortxe ipar ekialdean dagoen gain hori da Jentilbaratza, eta jentilak gauero jaisten ziren hona karta-jokora egunsentian oilarrak kukurruku jo artean. Behin, Agerreko nagusia gaixotu egin zen, eta elizakoak hartzera zihoan. Jentilek hau jakin zutenean, nahiz eta kristauak ez izan, urrezko izara Agerrera jaitsi zuten, eta berarekin gaixoaren ohea jantzi zuten elizakoak hartu zitzan. Dirudienez, Agerrekoek urrezko izara eurentzat nahi izan zuten, eta iltzez oheari josi zioten, eta baita geroxeago oilarrari kukurruku joarazi ere. Jentilek oilar kantua entzutean izarari tira egin eta berehalakoan alde egin zuten, baina izararen zati bat oheari lotuta gelditu zen, eta jentilek deiadar egin zieten, Agerre Agerre zen bitartean ez zela faltako eririk edo besamotzik etxe hartan. Ordutik beti izan da eriren bat Agerren, edo hala dio behintzat esaundak. Gertakizun honen ondoren, orduan bai, baliteke kristau eta jentilen arteko harremanak etenda gelditzea, baina auskalo, batek daki! Agian Ataungo beste txokoren batean geldituko ziren karta-jokorako, edo bada beste kasurik ere, Erroiondo baserrira ardatzera jaisten zirela ere ezaguna baita. Baina horiek beste gune batzuetan kokatzen dira, eta guk, behera, herri-gunera egin beharko dugu. Goazen, beraz, behera, Agerretxiki eta Agerreaundi baserrien artetik doan bidezidorra hartuz.


BESTE IBILBIDE MITOLOGIKOAK

To top