2. Informazio puntua
Ibilbidearen puntu honetan kareharria azaleratzen da. Hauek ere Behe Kretazeoko materialak dira, Aptiar garaikoak, orain dela 120 milioi urte ingurukoak. Arroka hau, batez ere, itsaspean bizi ziren animalien egitura gogorren pilaketatik sortu zen: moluskuen oskolak eta koral zatiak, besteak beste. Horregatik, oso buztin-mineral gutxi dauka, %1-3 artean. Gainontzekoa, kaltzio karbonatoa da. Kareharria arroka mota gogorra izan arren, urak honen kaltzio karbonatoa disolbatu eta urak berak eramaten du. Horregatik, lurzoru oso gutxi ematen duen arroka mota da, hau sortzeko osagai izango den buztin-minerala oso-oso urria delako. Gainera, paraje hauetako malda handiak, dagoen lurzoru gutxia arriskuan jartzen duen higadura prozesua areagotzen du.
Lurzoru eskasa izateaz gain, euri urak azkar infiltratzen dira arroken pitzaduretatik eta horrek nahiko leku lehorra izatea eragiten du. Hori guztia gutxi balitz, Domoko ertzen orientazioak leku epelak izatea eragiten du eta kareharriek ongi eusten diote eguzkiak emandako berotasunari. Horregatik, eremu honetan artadi kantauriarra aurki dezakegu. Berez artadia klima mediterraneoko baso bat izan arren, aurrez aipaturiko ezaugarri guztiek baldintza aproposak eskaintzen dizkiote baso mota honi.