ATAUNGO DOMOKO IBILBIDEAK

1. Informazio puntua

Puntu honetan “lutita” izeneko arroka mota aurki dezakegu. Hauek Behe Kretazeoko materialak dira, Albiar garaikoak, orain dela 110 milioi urte ingurukoak. Domoaren kanpoaldean dauden arroka hauek, Domoaren ertzeko kareharriak baino material gazteagoak dira. Izan ere, material guzti hauek pilatu ziren garaian, lutita hauek kareharrien gainean metatu ziren. Izenez ezezik, izaera aldetik ere ezberdinak dira. Arroka hauek Domoan elkarren ondoan zergatik dauden ulertzeko, material hauek nola metatu ziren ulertu behar da.

DOMOAREN SORRERAREN AZALPENA

Lutitak, %70-100 artean buztin-mineralez osatuta egoten dira eta gainerakoa lohi tamainako kuartzoak, feldespatoak edo bestelako mineralak izaten dira. Bere osaera dela eta, kareharriarekin konparatuz arroka biguina dela esan daiteke, euri-prezipitazioen eraginez askoz ere errazago higatzen delako. Horregatik, Domoaren ertzeko kareharriek baino erliebe baxuagoa ematen dute. Buztin proportzioa altua denez, lutitak lurzorua sortzeko arroka emankorrak dira. Horregatik, ez da kasualitatea, arroka mota hau azaleratzen den lekuetan kokatzea baserriak eta hauen inguruko nekazaritza eta abeltzaintzarako lurrak. Lutitetatik sortutako lurzoruak buztintsuak izateaz gain, ia karbonatorik ez dutenez, pH azidoa izan ohi dute. Hori dela eta, lur hauen emankortasuna areagotzeko, hauen ehundura buztintsua harrotzea eta pH azidoa neutralizatzea, komenigarria izaten da, besteak beste.

To top