Berrenoako galtzada

Egun Ataundik igarotzen den errepidea berandukoa da, XIX. mendekoa hain zuzen ere, aurreko bidearen garrantziaren itzalik ere ez duelarik. Izan ere, egungo errepide-sarea sortu aurretik, eta bi lurraldeen igarobidearen lekuko, Ataunek “ate” izaera oso barneratuta izan du betidanik.
Garai bateko bidea, Gipuzkoa Nafarroarekin lotzen zuena, Berrenoako mendi portutik igarotzen zen, Atxurrenea-Ergoiena-San Gregorio-Arrondo-Astigarraga-San Martin bidea eginez, Igartzan elkartzen zelarik Gipuzkoako errepide-sare zaharrarekin.
Gurdi eta perra-bidea zen, mando eta zaldiz egiten baitzen garraioa. Bide honek utzi du arrastorik, galtzadaren lekuko, oraindik Berrenoa inguruan bistaratzen baita erdi aroan egindako harrizko bidea.


