ATAUNGO DOMOKO IBILBIDEAK

2. Informazio puntua

Ibilbidearen puntu honetan kareharria azaleratzen da. Hauek ere Behe Kretazeoko materialak dira, Aptiar garaikoak, orain dela 120 milioi urte ingurukoak. Arroka hau, batez ere, itsaspean bizi ziren animalien egitura gogorren pilaketatik sortu zen: moluskuen oskolak eta koral zatiak, besteak beste. Horregatik, oso buztin-mineral gutxi dauka, %1-3 artean. Gainontzekoa, kaltzio karbonatoa da. Bide inguruko arrokak arretaz begiratuz gero, bizidun haien fosilak aurkituko ditugu. Eremu honetan, batez ere, errudista fosilak daude, errekienido motakoak, hain zuzen ere. Molusku hauen oskolen forma kolore ilun deigarri batez nabarmentzen da arroketan, horregatik, nahiko erraz atzeman daitezke.

Domoko fosilei buruzko informazio gehiago >>> Fosilak

Kareharria, Domoaren barruan eta kanpoan aurki ditzakegun material buztintsuak baino gogorragoa denez, nekezago higatzen da. Hori da, Ataungo Domoan kareharrizko ertza gailentzearen arrazoia.
Lehen aipatu den moduan, kareharria, arroka gogorra izan arren, euri uraren eraginpean disolbatu egiten da. Disoluzio honek arrokak dituen pitzadura eta poroei eragiten die arrakalak sortuz, besteak beste. Gertaera honen ondorioz sortuak dira eremu honetan aurki ditzakegun koba eta leizeak, baita barrunbe hauek osatzen dituzten lurpeko galeria kilometrikoak ere. Egitura geologiko hauen multzoari “karst” esaten zaio.
Honen adierazle da kareharria azaleratzen den eremuetan aurki daitekeen “lapiaz” edo “lenar”a ere. Aurrez esan bezala, kareharria euri uraren eraginez disolbatzen denez, honek lurrazalean ikusten dugun arrokak forma oso irregularra izatea eragin dezake, gainazalaren orientazioaren araberako lapiaz mota ezberdinak sortuz. Uraren irristadura zenbat eta plano bertikalagoan gertatu, lenar horiek ildaska luzeak izango dira, jarraiak eta paraleloak. Aldiz, gainazal horizontal batean garatuz gero, “kamenitzak” deitzen diren putzutxoak sortzen dira. Horregatik, lapiazaren ezaugarriak aztertuz, disoluzioa gertatu zen momentuan arrokaren gainazalak euri urarekiko zuen orientazioa ezagutu daiteke.

Aurrez aipatu den moduan, arroka honek oso buztin gutxi dauka, eta beraz, lurzorua oso nekez sortzen da. Izan ere, prezipitazioen eraginez higaturiko arrokaren zatirik handiena urak berak disoluzio moduan eramaten du. Lurzoru eskasa izateaz gain, euri urak azkar infiltratzen dira arroken pitzaduretatik eta horrek nahiko leku lehorra izatea eragiten du. Hori guztia gutxi balitz, Domoko ertzen orientazioak leku epelak izatea eragiten du eta kareharriek ongi eusten diote eguzkiak emandako berotasunari. Horregatik, eremu honetan artadi kantauriarra aurki dezakegu. Berez artadia klima mediterraneoko baso bat izan arren, aurrez aipaturiko ezaugarri guztiek baldintza aproposak eskaintzen dizkiote baso mota honi.

To top