Espeleologia

Espeleologia zaleentzat aukera handiak eskeintzen ditu herriak, hainbat eta hainbat koba eta leizezulo baitaude katalogatuta Ataunen. Bi motatako sistema karstikoak izan daitezke: aktiboak ala inaktiboak. Aktiboak, urak egun egiten dituen bideen parte direnak. Halakoak dira Marumendi, Malkorburu eta Alleku inguruko koba eta leize gehienak, talde honetan barneratzen direlarik adibidez Ubegiko leizea eta Malkorburukoa. Inaktiboak aldiz, garai batean karstifikazio prozesua emanda sortutakoak, eta egun higadurak ezkutatu zain dauden sistemak dira, estalagtita eta estalagmitaz josiak egon ohi direnak. Hauetakoak dira Ataungo Domoko egitura gehienak.

Esan bezala, Ataun koba eta leizez josirik dago, horien artean ugari direlarik duela 5.000 urteko gizakiaren aztarnak dituztenak: Usategi, Limurita (harrobia ustiatzean jana), Pikandita, Kobazar, Armontaitz, etabar.

Troskaetako koba da Ataungo koba ezagunenetarikoa. Kilometro bateko luzeera du eta amaieran ur putzu eder bat. Badirudi duela 20.000 bat urteko Ursus spelaeus espezieko hartzen bizitoki edo hilobi izandakoa dela koba hau, hemen aurkitu baitziren bi hartzen hezurdurak.

Sarastarriko koba beste aukera ezagun bat da. Sarastarri mendiko pagadian, gailurretik nahiko gertu eta Lareoko urtegiaren gain aldean dago. Elementu erakargarriena barruko putzu edo “osina” da. Hego Euskal Herriko kobazuloetan aurki ditzakegunen artean ederrenetarikoa. Sarastarriko Anderearen kondaira mitologikoa bertan kokatzen da.

Espeleologia praktikatzea taldean egin beharreko aktibitatea dela kontuan izanda, ezagutza duen taldean, segurtasun neurri guztiekin eta material egokiarekin burutzea gomendatzen da.

OHARRA: Barrunbeak fauna babestuaren habitat naturalak dira. Beti errespetuz eta isiltasunez jokatzea eskatzen da eta azarotik uztailera bitartean haitzuloen bisitak ekiditea gomendatzen da.

To top