Barandiaran ibilbidea
Ataungo mitologian barneratuz
Joxemiel Barandiaran Ataunen jaio zen 1889an eta bertan hil zen 1991n. Euskal Herriko antropologia eta etnologia ataletan ikerketa lan garrantzitsuak egin zituen, baina baita mitologia arloan ere. Erabat galtzeko zorian zeuden ohitura, sinismen, kondaira eta kontu zaharrak jasotzen eta biltzen jardun zuen urte askotan eta horri esker ezagutzen dira gaur egun hemen biltzen ditugun kondairak, Ataun mitologiaz beteriko herria bilakatuz. Sendi osoarekin egiteko ibilbide erraz honetan herri-bidea jarraituz Joxemielek bildutako altxor hau ezagutuko dugu.
IBILBIDEAREN BIDEOA IKUSI
MITOAK
Jose Migel Barandiaran Ataunen jaio zen 1889an eta bertan hil zen 1991n, 101 urte zituela. Euskal Herriko antropologia eta etnologia ataletan egin zituen ikerketa lan garrantzitsuek gizon entzutetsu bilakatu zuten. Erabat galtzeko zorian zeuden ohitura, sinismen, kondaira eta kontu zaharrak jasotzen eta biltzen jardun zuen urte askotan, eta horri esker ezagutzen dira gaur egun hemen biltzen ditugun kondairak, Ataun mitologiaz beteriko herria bilakatuz. Herribidea jarraituz hasiko dugun ibilbide honetan Jose Migelen bizitza eta berak bildutako altxor miresgarria ezagutuko ditugu. San Martingo plazan ibilbidea hastear garela, eliza dugu aurrez aurre, eta beste herri batzuetan bezalaxe, San Martingo eliza ere jentilek egindakoa ote denaren hotsa beti entzun izan dugu. SAN MARTINGO PLAZA: ‘Zaindegiko atsoa’ Kondairak dioenez, herritarrak eliza egiteko asmotan zebiltzan, eta egun hilerria kokatzen deneko Mendiola izeneko gaintxoa iruditu zitzaien lekurik egokiena. Eta halaxe hasi ziren harria haraino gurdiz garraiatzen. Baina orduan, beste askotan gertatzen den bezalaxe, guztiak iritzi berekoak ez ziren eta egunez eramandako harriak, goizean, egun eliza dagoen tokian azaltzen ziren. Kristauek, hurrengo egunean gauza bera egiten zuten: hartu harriak gurdian eta Mendiolara eraman, baina gauez norbaitek lehengo lekura ekartzen zituen behin eta berriz. Gorabehera hori-edo argitu nahiean, hor alboan den Zaindegi etxeko anderea gauez zaintzen zelatan egoten zen eta baita ikusi ere, halako batean, jentilek nola zekartzaten kristauek egunez eramandako harriak. Jentilek, ordea, horretaz konturaturik, honako biraoa jaurti zioten atso zelatariari: Aida zurie, aida gorrie, Zelatan dagon andra horri Ataiok ezkerreko begie Gaur egun San Martingo eliza jentilek nahi zuten lekuan dago. Ibilbideari heldu beharrean gaude eta Agauntza ibaiaz beste aldeko bidetik abiatuko gara, errekaren soinua bidelagun dugula. Ez ahaztu errekaren ondoan ibiltzen direla lamiak, eta beraz, erne joan beharko dugu Astigarragako atsedenlekura iritsi bitartean.
ASTIGARRAKO ATSEDENLEKUA: ‘Lamien kondaira’ Lehen esan bezala, Agauntza ibaian ibiltzen ziren lamiak. Giza itxura baina ahate-oindun izaki hauek, errekako osinetan egoten ziren, euren urrezko orraziekin ilea orraztuz. Maiz gertatu izan zen herriko emakumeren batek urrezko orrazi hori lapurtzea. Hau gertatzean, lamia emakume lapurraren etxe ingurura hurbiltzen zen gauez, honakoa abestuz: Andra Geazi, Ekatzu nire orrazi; Bestela galduko dizut Zure ondorengo azkazi. Badakizue, beraz: hobe da lamiak bakean uztea, berehala botatzen baitute hauek madarikazioa euren urrezko orrazia desagertzean. Lamiak osinetan lasai utzita, bidea jarraituko dugu Ataungo mitologiaren historian barneratuz. Jose Migelen jatorria gertutik ezagutu ahal izango dugu, bera bizi izandako ingurunea zeharkatuz.
ALDAKOTXO Arinberriaga auzunean gara, Aldakotxo baserria parean eta Auzmendi baserria alboan ditugula. Jose Migel Barandiaranek ama, Maria Antonia Aierbe Dorronsoro, izan zuen esaunden mundua eskuratzeko iturri nagusienetakoa. Aldakotxo edo Markesane izeneko baserri honetakoa zen bera. Ingurune honetan bildu zituen, beraz, Jose Migelek hainbat eta hainbat istorio. Auzmendi baserrian ere izan zuen berriemailerik. Jose Migelen sustraiak nondik datozen ezagututa aurrera egin dezakegu, berehala baitugu bere jaiotetxea ere.
PERUENEZAR Jose Migel Barandiaran, Maria Antonia Aierbe eta Frantzisko Antonio Barandiaranen 9 seme-alaben artean gazteena, baserri honetan jaio zen 1889ko abenduaren 31n, nekazal giroan barneraturiko tradizio eta esaundaz inguraturik. Bertan igaro zituen Jose Migelek bere lehen urteak, 14 urterekin Baliarrainen apaiz ikasketak hasi arte. Haren bizitza luzean zehar egindako lanen omenez, Euskal Herriko Adiskideen elkarteak ohorezko adiskide egin zuen, eta horren lekuko da bere jaiotetxeko horman jarri zioten idatzia. Bertan jaio eta bertan hil. Urteak kanpoan egin ondoren Ataunera itzuli zen Jose Migel, eta aurrera eginez ezagutuko dugu non eman zituen bere azken urteak.
SARA 1936an erbesteratu beharrean izan zen Jose Migel Espainiako Gerra Zibila zela-eta, ia hogei urtez Lapurdiko Sara herrian biziz. 1953an itzuli zen Ataunera, eta Lapurdiko etxeen antzirudikoa den Sara etxea izan zuen bizitoki iloba Pilarren konpainian, 1991ko abenduaren 21ean, 102 urte betetzeko 10 egunen faltan, hil zen arte. Jose Migel Barandiaranen biziaz apur bat gehiago dakigula, aurrera egiteko moduan gara. Larruntza multzo hidraulikoa da hurrengo geldiunea, egun museo bilakatua. Jose Migelen bizitza eta lanez hobe jantziko gara bertan.
LARRUNTZA MUSEOA Ibilbidean jarraituz, JMB Euskal Mitologia Museora heldu gara. Ikus dezagun zer eskaintzen digun, eta ondoren berriro ekingo diogu bideari. Museoa ikusi ondoren, Ataungo mitologiaren nondik norakoak hobe ulertuta aurrera jarrai dezakegu, berehala den Lauztierrekako zubi handiraino.
Lauztierrekako zubira iritsi gara. Aurrez aurre dugu Muski mendia, hango antena eta guzti. Baina zer gertatu zen Muskin? Muski Basajaun eta Tartaloren bizilekua da, eta bada, beraz, ingurune honetan istoriorik. Hala dio Tartaloren kondairak: LAUZTIERREKA ZUBIA: ‘Tartalo’ “Muskiko koban bizi ziren jentilak, eta Tartalo begibakarrak kristau bat harrapatu zuen egun batean. Kobatik alde egin ez zezan, harrigarrizko eraztun bat sartu zion eskuko hatz batean: “hemen nago, hemen nago” deiadarka beti aritzen zena. Halako batean, kristau hori jentilak pilatuta zeuzkan ardi-larru artean ezkutatu zen. Hemen-nago urruntzen Eraztunaren hotsa urruti samar iruditzen zitzaion nonbait jentilari, kanpotik zetorren edo. Orduan, atea zabaldu eta irteten da kanpora, baita kristauak, astindu gaineko larru-pila eta sekulako lasterrari emanda, jesus batean handik alde egin ere. Hemen-nago urruntzen. Aditzen du jentilak eraztunaren hotsa eta badoa lasterka bere atzetik. Kristauak berehala etsi zuen. Alabaina, halako batean, bururatzen zaio harri batekin hatza moztea eta bere eraztunarekin Mekolaldeko ibaira bota behar zuela; baita egin ere. Erreka hotsa eta hemen-nago urrunean. Gero, jentila atzetik Mekolalderaino iritsi zenean, osineko eraztuna-hotsa entzun, jauzi eta han itota geratu zen.” Tartaloren kondaira ezaguna entzunda, San Gregorio Magnoren elizara doan bidea egingo dugu, tartean San Gregorioko plazan atseden hartuz.
San Gregorioko plazan Oteizaren zentauroa ikusi ondoren, igo gara eliza kokatzen den tontorrera. Hemen, aldapan gora eginez, ikusi dugu Ion Iturrarte Artolak landutako ingurune mitopoetikoa. Elizako ataurrean kokatzen den burdinezko eskulturaren leihotik berriro Muski mendia bistaratzen zaigu, berri gehiago emateko eskatuz. Izan ere, badu mendi honek beste istorio ezagunik. Gogora dezagun Sanmartintxiki eta Basajaunen kondaira. SAN GREGORIOKO ELIZA: ‘Sanmartintxiki eta Basajaunen kondaira’ “Garai batean Muskiko koban basajaunak bizi ziren. Han, inguruko mendi gainak erabilita, sekulako gari mordoa biltzen zuten. Beheko lurretan, berriz, kristauak bizi ziren, eta artean ez zuten oraindik garirik ereiten, alerik ez baitzuten. Behin, Sanmartintxiki, abarka handi batzuk jantzita, igo da Muskiko kobara; hango gari pila ikusita, basajaunei apustua luzatzen die ea zeinek salto handiagoa egin gari pilaren gainetik. Basajaunek erraztasun handiz igaro zuten saltoan gari pila; Sanmartintxiki berriz, gari pilaren erdian erori zen, baina baita abarkak gari-alez bete ere! Gero, handik alde eginda, Sanmartintxiki etxera bidean zela, basajaun bat konturatu zen Sanmartintxikiren azioaz, eta aizkora txikia bota zion, baina ez zuen hura harrapatu. Aizkorakada hots garbia Olasagastiko gaztainondo baten gerrian sartu zen aizkora txikia. Baina kristauek, nahiz eta gari-alea izan, ez zekiten noiz erein; halako batean, ordea, basajaun bati entzun zioten barrezka nola esaten zuen: Ja jaaaai! Balekite, hartuko lukete: Orri irtete artoa ereite Orri erortze garia ereite Eta San Lorentzotan arbia ereite. Ordutik zabaldu zen garia inguruko herri guztietan.” Behin Sanmartintxikiren kondaira ezagututa, itzulera hasteko moduan gara. Baina lasai, badugu eta biderako zer kontaturik, ez baitira hemen amaitzen Ataungo kondairak. Horretarako, ordea, elizatik errepidera jaitsi, hura gurutzatu eta arrasto zuri horiak jarraitu beharko ditugu. Ekin diezaiogun berriro bideari.
Aurrean dugun mendialdean Arratiñea baserria dugu, Sara etxearen gainaldean eta ezkerrera eginez, San Gregorioko herri-gunearen gainaldean. Jose Migel Barandiarani 1921ean, amak, baserri honetako seme zen Jabierren istorioa kontatu zion, eta honek guri idatziz utzi digu, ahantz ez dezagun. ARRATIÑE BASERRIAREN PAREAN: ‘Arratiñeako Jabier’ “Arratiñeko Jabier, mutil gazte harroxkoa, gau batean beilara joan zen Urretsu izeneko baserrira. Aldi hartan, ingurumariko neska gazte guztiak bertara biltzen ziren ardatzera. Barre-hotsak Elkarren artean beilan dibertsio handia pasatu eta gero, Jabierrek bere burua apaiztzat hautatu zuen. Sartu zen tina batean eta handik neskei gaztaina egosi bana ematen zien, Komunioa zelakoan. Geroko batean, etxera joaten hasi zen Jabier, baina ez zioten utzi nahi Urretsun, gaiztakeria handiak eginda zegoela eta, bidean zerbait gertatuko zitzaion beldurrez zirelako. Baina, hala ere, Jabier mutil harroa izanik, irten egin zen. Handik Tellerietxe baserri aldera beheraka zetorrela,… Haizea, gaueko hots misteriotsuak… Laioa izeneko lekutik beregana Elizakoak zetozela ikusi zuen. Beldurrez, mutilak lasterrari eman eta jo du Tellerietxe baserria. Jo atea eta eskatzen du zakurra. Hartu zakurra eta eskuan talo-puska bat duela abiatzen da bidean. Orduan suzko Zezen Gorri bat agertu zitzaion, berriz ere Laioa izeneko lekutik beregana zetorrela. Baina ez zuen hark izutzen, zakurra berarekin zuen artean behinik behin. Lauztiazpi baserri aldeko Arratiñerako bidea hartzen den bidegurutzera iritsi zenerako, eskuan zeraman taloa bukatu eta zakurrak ere alde egin zion. Zakurrak alde egin bezain laster, agertzen zaizkio berriro Elizakoak. Baita Jabier, berealdiko lasterrari eman, eta estu eta larri sartu Arratiñen ere. Gau hartan Arratiñeko behiek ez zuten onik izan. Bazen makakorroia, adar-hotsa eta ganbela-hotsa.” Behi-ganbela hotsa. Behin kondaira hau entzunda, basoan barnera gaitezke beste esaundaren baten bila. Basoan sartu eta berehala, orain arte jarraitu ditugun arrasto zuri-horiak zuri-gorri bilakatzen diren puntuan, gelditu eta, beste aldeko haranera begira, zuhaitz artean lepoa luzatuko dugu Artzate baserriaren bila.
Gaztiñerren gaude, ur-biltegia dagoen lekuan, eta alboko haranean dugu Artzate baserria, Iruzuloeta eta Sugaarzulo arteko estugunearen alboan. GAZTIÑERRE “Behin Artzate baserrikoak arrauka osatzen ari ziren, karea egin ahal izateko eta Iruzuloetako gainetik jentilak oihuka. Jentilen oihuak Behetik erantzun zieten baserrikoek: – Hobe zenukete, horrela aritu ordez, jaitsi eta lagunduko bazenute. Jentilek, hori entzutean, hartu zuten berealdiko mailo handi bat eta zast!, bota zuten eta arrauka guztia deseginda utzi zuten.” Esaunda hau, jentilen eta kristauen arteko tirabiren beste erakusgarri bat da, baina badira gehiago nahi dituenarentzat. Guk, ordea, badugu garaia beherako bidea zuzen egitekoa; bidean entzun eta nabaritu ditugunak hausnartuz itzuliko gara abiapuntura.