Sarastarri ibilbidea
Kobaren sekretuak
GR 20.1ari jarraitzen dion mendi-ibilbide erraza eta ikusmira paregabekoa. Ataungo domoaren amildegiak bertatik bertara, Aralarko goi-larreak, Markesane, Lareoko urtegia eta abar luze bat puntu beretik ikusi ahalko dira eta Sarastarriko kobak bere barnean dituen lurpeko sekretuak ezagutzeko aukera eskainiko digu.
IBILBIDEAREN BIDEOA IKUSI
MITOAK
Urkullagako gainean gaude, mitologiaz betetako ingurunean. Ataungo Aia auzoan kokatzen da gain hau, baita ibilbideak zeharkatuko dituen lurrak ere; aiatar auzokideei jentil deitu izan zaienez, ongi etorri jentilen lurraldera. URKULLAGA Betidanik jarri izan da zalantzan jentilen izatea, baina hemen bazirelakoaren frogak bildu dira. Hala esan zion hemendik gertu dagoen Mendiurkullu baserriko Joan Migel Agirrek Joxemiel Barandiarani, hark etxetik bertatik baitzekien jentilak bazirela. Baserri honetako artzain batek, Joan Migelen arbasoak, ardien bila joaten zenean ikusten zituen lokatzetan nonahi jentilen oinatzak. Goazen jentilen arrastoak gertuago ikustera, horretarako GR arrastoak jarraituz, bideko lehen pagora heldu arte.
AIZKERRI: Armontaitzen jentilak Urkullagan, esan bezala, Mendiurkulluko artzainak goizero topatzen zituen jentilen arrastoak lokatzetan grabaturik. Artzain honek hemen beheraxeago dagoen Armontaitzeko koban gordetzen zituen ardiak gaua igarotzeko, eta goizean, haiek ateratzera joaten zenean, kobako sarrera oin-arrastoz beterik aurkitzen zuen egunero. Baina artzain hau ez zen arrastoak ikusten zituen bakarra, kobatik behera jaitsiz dagoen Aiarre baserrikoek ere gauza bera baitzioten. Gainera, jentilak ez ziren irelu edo izaki bereziak, kristautasunean sinisten ez zuten gizakiak baizik, eta ez da harritzekoa ez sinistea ere, ama lurra bera, Marimunduko Sarastarriko koban agertu baitzitzaien behinola. Bidean aurrera egingo dugu Sarastarriko koba bilatuz. Hara heltzeko ibili luzea gelditzen zaigu; aupa ibiltari!
SARASTARRIKO KOBA: Marimundukoren agerraldia Heldu da ibilbidea Sarastarriko kobara. Koba honek baditu bi bide: bata luzea eta ibili erraza; bestea, ordea, oso neketsua, putzu sakon batek jarraitzea galarazten duena. Inguru hauetan lanean ari zen ikazkin talde batek putzu horretatik ateratzen zuen behar zuen ura. Egun batez, ikazkin gazte bat ur bila joan zen kobara bere pitxarra hartuta, baina ikaratuta eta urik gabe itzuli zen txabolara. Orduan, ikazkinetako buru zen bat joan zen hara; baina hura ere ikaratuta eta txarroa urik gabe zuela itzuli zen. Biek gauza bera esaten zuten: kobaren sarreran emakume gazte eder bat, gorputz lirainekoa, ikusi zutela, ileak orrazten; Ama Lurra bera, Agaramundatik etorrita, Marimunduko zela, eta halako leku batean era horretako ikuskizun bat ezin zitekeela parte onekoa izan pentsatuz, ihes egin zutela. Gazte hura jentilen familiakoa izango zen, antzinatik kobetan bizi izanik, Kristautasuna etortzean, leizeen barrenetara sartu zirenetakoa, ez baitzen bestela koba batera sartzen ausartuko, inguruko kristau guztiak Sarastarriko koban eta Marumendiko leizeetan bizi diren Maruen beldur baitira. Maruak, bekokian bi adar dituzten giza-itxurako ireluak, inguratzen diren abelburu eta gizakiak bahitzeagatik dira ezagunak; inguru hauetara inor gutxi hurbiltzen da, maruen beldur. Ez maruen beldur bakarrik, bada eta beste izakirik inguru hauetan. Zezengorriak ere koba eta leizeetan bizi dira; hemen behean kokatzen den Ubegiko leizean bizi dira ere hauetakoak; galdetu bestela Aitzarteko Imatzene baserrian, bere arbasoen berri izango baitute! Gu ere ez gara asko fidatzen, eta badaezpada hobe dugu hemendik urrutiratzea. Sarastarriko gaina bisitatuz, Elorretako bordara inguratuko gara Imatzeneko arbasoen inguruko kontuak jakiteko.
ELORRETA: Imatzeneko hiru anaiak eta zezengorriak Txabola edo borda honen antzeko bat egin nahian hurbildu ziren inguru hauetara Imatzeneko hiru anaiak ostiral santu egunez. Ostiral santu egunez lan egitea bekatua zen nonbait, eta hiru zezen gorri azaldu zitzaizkien. Haiek ikustean izutu eta ihes egin zuten. Hobe izango da hemendik hanka egitea, oraindik Sarastarriko koba gertu baitugu, eta, zezengorrien arriskuaz aparte, maruak ere hor baititugu.
AGAUTZ: Imatzeneko hiru anaiak eta zezengorriak Badaezpada Sarastarriko koba ingurutik urrutiratuz, Agauzko gainera heldu gara. Gain honen hego-mendebaldean kokatzen da Agauzko harratea. Imatzeneko hiru anaiak ere iritsi ziren harrate honetara, baina ez garaiz nonbait. Puntu honetatik Aitzarte barnera jaits daiteke, eta hau zuten Imatzenekoek etxerako bidea. Hementxe izan zen anaietako bat segika zuen zezengorriak harrapatu zueneko gunea, eta bertan hil zen. Beste bi anaiek hemendik ihes egitea lortu zuten, baina ez denbora askoan. Bigarren anaia Erremedio ingurura heltzerako harrapatu zuten, eta hirugarrena, izuaren izu, etxeraino sartu zen, baina ez zuen izan barkamenik, handik egun gutxiren burura azken hau ere hilda azaldu baitzen. Hiru anaia hauei, kristau ordez jentil izango baziren, ez zitzaien hau gertatuko, ez bailukete bekaturik egingo ostiral santu egunez lan eginda. Horregatik bizi ziren lasai ingurune hauetan jentilak, ez baitziren ez zezengorrien beldur, ez maruenik ere,… Baina kristautasunarekin batera, jentilen galera etorri zen. Goazen bada jentilen galeraren hasiera kokatzen den mendi gainera, Leizadira. Horretarako, GR arrasto zuri-gorriak alde batera utzi, eta gainez gain jarraituko dugu, hurrengo gaina baita dagokiguna.
LEIZADI: Jentilen akabera Kristautasunak ekarri zuen jentilen galera, izar eder batek iragarrita: hala igarri zuten behintzat Leizadiko jentilek beren akabera. Jentilak Leizadiko koba batean bizi zirela, sekulako izar eder bat hodeietan agertu zen. Halako izarra ikusi zutenean, jentil horiek, erabat ikaratuta, munduan zer gertatu behar ote zuen ezin asmaturik zebiltzan. Halako batean, barruan erdi itsututa zegoen edadeko jentil jakintsu bat ataka aurrera atera zuten; zabaldu zizkioten endaiarekin betazalak eta hodeietara begira jarri zuten, hark izar hari zer zen antzemango ziolakoan. Baita ikusi orduko deiadar egin ere: “a nire umeok, Kixmi jaio duk, galduak gaituk oraintxe. Bota nazazue ni hemendik gain behera”. Jentilek Jesukristori KIXMI deitzen zioten. Kixmik, berriz, tximua esan nahi du. Berak esan bezala, Leizadiko gainetik Aitzarte aldera mailoan behera amildu zuten eta hala hil zen jentil zaharra. Gero, kristautasuna munduan zabaltzen hasi zenean, jentil batzuk kristautu egin ziren, besteak sakabanatu eta berehala galdu ziren. Jentilen akabera nola gertatu zen ezagututa, itzul gaitezen hasierako puntura.