Anton sakristaua Ordizira joan omen zen behin.
Gauean, etxerakoan, Umarki aldean asto bat agertu omen zitzaion, eta bere aurretik omen zihoan.
Anton sakristauak asto gainera igo nahi zuen, eta baita igo ere.
Urkuola ingurura iritsi zirenean, asto horrek Urkuola aldera egiten omen zuen, eta sakristauak berriz gora jarraitu nahi zuen.
Ezin burutu asto horrekin eta aizto bat sartu omen zion bizkarretik.
Astoa, bere aizto eta guzti, Urkuola aldean ezkutatu omen zen, eta sakristaua berriz oinez bere etxera joan omen zen.
Laster bikarioa etorri omen zitzaion Urkuolara elizakoak egitera joan behar zutela esanez.
Bikarioa eta sakristaua badoaz Urkuolara. Andre zahar bat omen zegoen han gaixorik.
Sakristaua ikusi zuenean, gaixoa beste aldera itzuli omen zen eta ez omen zuen konfesatu nahi izan.
Azkenean elizakoak eman gabe atera omen ziren handik bikarioa eta sakristaua.
Bidean sakristauak azaldu omen zion Urkuola inguruan aurrez gertatutakoa.
Orduan bikarioak igarri omen zuen zergatik ez zion begiratu nahi izan andre hark sakristauari eta ze gaixotasun zuen. Atzera Urkuolara itzuli omen zen, bakarrik ordea. Orduan, andre zahar hura konfesatu omen zen, eta gero hil.