Behin, artzain bat Leizadiko borda batean bizi omen zen. Egunero-egunero, gatzura prestatzen zuen garairako, goiko kobatik jentil gazte bat jaisten omen zitzaion, eta harrizko eserleku batean eseri eta dena edaten omen zion.
Halako batean, artzainak bere lagun bati kontatu omen zion gertatzen zitzaiona, eta hark esan omen zion hurrena jentila joaten zenerako eserlekua sutan gorituta jar zezala.
Hurrengo egunean lagunak esandakoa egin omen zuen. Sutatik harrizko eserlekua atera bezain laster heldu omen zen jentila. Betiko moduan bere eserlekuan eseri zen, baina berehalakoan deiadarka altxa eta alde egin zuen.
Hotsak entzunda, jentilaren gurasoak atera ziren kobaren kanpoaldera, eta semeari galdeketan hasi: “Zeinek egin dik? Zeinek egin dik?”. “Neuk neuri, neuk neuri ”. “Horrek on egin ziok hor dagoen artzaintxo horri” esan, eta besterik gabe utzi zuten semea.