San Gregorio auzoko Larruntza errotan kokaturik dago Barandiaran museoa eta honen edukiak bi solairutan banaturik daude. Behekoan, Joxemiel Barandiaranek arkeologia eta etnografia alorretan egindako lanen garrantziaren berri ematen duten baliabide ugari topa daitezke. Goikoan aldiz, Barandiaranen bizitza azaltzen da bideo didaktikoen bitartez.
Joxemiel Barandiaran
Joxemiel Barandiaran Aierbe 1889an Ataungo Peruenezar baserrian jaio zen eta 1991n hil zen Sara etxean. Etnologia, antropologia, arkeologia eta mitologiaren alorretan lan garrantzitsuak eginez, XX. mendeko euskal ikertzaile garrantzitsuenetako bat izan zen.
Larruntza errota eta errotatxoa
XV. mendekoak dira Larruntza errotaren lehenengo aipamenak. 2003an Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen eta eraikinak jatorrizko itxurari eutsi dion arren, gaur egun barnealdea baliabide tekniko-didaktikoz beterik dauka.
Larruntza errotaren ondoan Errotatxo izeneko bigarren errota eta zerrategia daude, beren aldaparo eta guzti. Egitura horiek guztiek multzo hidrauliko ikusgarria osatzen dute.
Eskaintza zabala
Barandiaran museoan hezkuntza nahiz bestelako alor ugariri loturiko jarduera eskaintza zabala aurki daiteke. Honi buruzko informazio gehiago jasotzeko Gipuzkoa Natura ataria kontsultatu daiteke.
Ordutegia
Asteazkenetik igandera goizeko 10:00etatik 14:00etara.
Harremanetarako
Telefonoa: 943 18 03 35 / 688 895 069
barandiaran@gipuzkoanatura.eus