Organo klasiko iberiko deituen barruan eredu bikaina eta ederra da Ataungoa, soinu ezaugarri orotan bete-betean garatua dagoena: flauta eta nasardoen piramidea dauka, Bete, Zinbalo eta Gainzinbalo erregistroetan burutzen dena; 13 eta 26 arrabeteko pedal zapaltzaileak, korneta gainaltxatua, goiena jo duen batailako tronpeteria eta oihartzunen kutxa. Horiez gain, garai hartako organoen berezko ezaugarriak ere baditu: txoritxoak, errebolanderak, danbor eta tinbalak.
San Martin elizako organo honek daukan kalitatearen eta ospearen adibide gisa aipa daitezke bere soinua jasoz grabatutako bi musika saioak. 1981. eta 1997. urteetan izan zen hori, Esteban Elizondo organojolearen eskutik eta EEBBetako nahiz Alemaniako bi disketxerentzat hurrenez hurren. Era berean, urtero urri aldera Bach musikagile handiari eskaintzen zaion musikaldian ere badu bere tartetxoa.
Berriztatze lanetan jardun zuen Joxe Maria Arrizabalaga organo maisuaren arabera, “iraganak utzi digun artelan miresgarri baten aurrean gaude eta horrelakoetan, gizalegeak berak agintzen du ezin dela desegin ezta aldatu ere, ondo pentsatu eta hobeto egindako zerbait. Praktikan, gaizki eraikitako organoek ez dute gehiegi irauten. Aitzitik, ondo egin eta egoki zaindutakoek mendeetako bizia izan dezakete”. Hortan, Ataungoa eredu gisa hartzekoa da: 1761. urteaz geroztik, igandero (eten laburrak tartean) bere soinuaz bete baitu San Martingo eliza. Eta 235 urtetatik gora dira jadanik!