ONDAREA

Ataungo Organoa Barrokoa: Deskribapena

San Martin elizan sartzen den edonor, sartu bezain laster, organoaren edertasunak jota gelditzen da ezinbestean. Izan ere, kaxa bera (osagairik begi-bistakoena) berehalakoan nabarmentzen da, oso dotorea baita. Juan Antonio de Maiz eta Joaquin Antonio Berasategui maisuek egindako lana da (organo egileak ezarritako trazari jarraituz).

Organoaren fatxada edo aurrealde horrek hiru zati dauzka:

  1. Basamentuan (oinaldean) teklatuaren leihoa dago eta albo bietan erregistroen tiragailuak. Bi ate ere badaude, alde banatan, organo barrura, hauspoen gelara, sartzeko. Berez kaxa dena aurrealdea edo fatxada baino murritzagoa da, ateen eta frontoiaren erlaitzaren arteko espazioa hartzen baitu bakarrik.
  2. Basamentuaren eta frontoiaren tartekoa, berriz aurpegia da. 81 hodi konta daitezke bertan (37 soinudunak; 36 gorpuzdunak izan arren, apaingarri gisa daudenak, hau da, soinu gabeak); eta 8 margotutakoak). Hara nola dauden jarrita:
    • Mitra itxurako 5 gaztelu horietan, 37 hodi soinudunak.
    • Albo banatan, ateen gainean, margotutako 8 hodiak. Hodion ahoak mairuen aurpegitzarrez apainduta ageri dira, buruoihal eta guzti, hortz galantak erakusten dituztelarik. Hodi horien gainean, alde batean zein bestean, kortina gorri bana ikus daitezke margotuta, beren lokarri eta borlekin.
    • Mitra txikien gainean, binakako talde bi osatzen dituzten lau hutsune daude eta beroietan 16 hodi gorpuzdun, apaingarri hutsak, launa hutsune bakoitzean. Hutsune horiek bi altueratan daude kokatuta, behekoak hego itxurakoak dira eta goikoak M itxurakoak. Multzo geometrikoa lortzen da benetan.
  3. Fatxadaren buruan, borobil formako frontoia dago, loretzar eta bolutekin apaindutakoa. Tinpanoan, gezurrezko leiho batean, 7 hodi daude margotuta.

Organo honek bi teklatu dauzka: bata, eskuekin jotzekoa, 45 nota dituena (C-c’’’), “de octava grave diatónica u octava corta” erakoa; bestea, 8 nota dituena (C-H), “diatónico de Contras” deitu motakoa. Horiez gain, 35 erdi erregistro ditu (15 bajuentzat eta 20 tipleentzat) eta kontra multzo bat ere bai. Tiragailuak intxaurrondoaren egurrez eginak daude, ezpelezko muturrak dituztelarik.

Guztira 1450 hodi dauzka organoak: 1399 soinudun edo benetakoak eta 51 gezurrezkoak edo apaingarri bezala daudenak. Hodiok egiteko eztainua eta gaztainondoaren zein haritzaren egurra erabili dira.

Sekretua intxaurrondoaren egurrez egina dago eta pieza bakarrekoa da; bere hamaika oholen gainean daude ipinita hodiak. Kontren sekretuak, aldiz, bi pieza dauzka.

Organoak hain beharrezkoa duen haizea lortzeko bi hauspo ditu (eta hauspo bakoitzak zazpi tolesdura), kuneiforme edo abaniko itxurakoak. Egurra haritzarena da eta larrua baldes motakoa. Hauspoen neurriak hauexek dira: 1950 x 1040 mm. Hauspo horiek “elikatzeko”, soinu gabeko kabina batean, motoredun haizagailu isil bat ere bada. Beraz, hauspoak mugitzeko bi era daude:

  • Eskuz.
  • Motoredun haizagailu elektriko horren bidez.

Ataungo organoa bisitatzeko:
Idatzi helbide elektroniko honetara: kultura@ataun.eus
Deitu telefono zenbaki honetara: 664 470 540

To top