ONDAREA

Ataungo Organoa Barrokoa: Kontzeptua

Haizezko musika tresna bat da, musikaren historian garrantzi handia izan duena.

Hodi batzuk eduki ohi ditu eta horietatik haizea pasatzen denean soinua sortzen da. Hodiok sail edo erregistroen arabera antolatzen dira. Erregistroak soinuak aukeratzeko erabiltzen dira, hain zuzen ere, altuera, tinbrea eta indarraren arabera familietan sailkatzen diren soinuak aukeratzeko.

Organoak teklak eta pedalak ere baditu, eskuez eta oinez jotzen direnak, hain zuzen. Teklen eta pedalen (oinetako teklak direnak, alegia) mugimendua mekanismo baten bidez balbula batzuetara iristen da eta horren ondorioz, aipatu balbulok ireki egiten dira, haizeari hodietara pasatzen utziz (tekla eta pedal bakoitza zapaldu ondoren, tekla eta pedal horrek ordezkatzen duten notari dagozkion hodi guztietara iritsiko da haizea).

Organoaren “hauspoei” esker lortzen du musika tresna honek hain beharrezkoa duen haize isuria (hori gabe ezin baitu soinurik sortu), etengabea eta presio jakin batekoa. Haize hori, organoaren zati ezberdinetatik pasatu ondoren, hodietara iritsiko da eta hodiotatik barrena kanpora, soinu bihurtuta.

To top