ONDAREA

Ataungo Organoa Barrokoa: Osagaiak eta funtzionamendua

Organoaren osagaiak honela sailka daitezke:

  1. Kanpokoak (begi-bistaz antzematekoak): kaxa, kontsola eta fatxadako hodiak.
  2. Barnekoak:
    • Organoa haizez “elikatzeko” sistema: haizezko musika tresna denez, organoak haize kantitate jakin bat behar du soinua sortuko badu (aipatu kantitatea hodien kopuruaren araberakoa izango da, hein handi batean); eta, hain justu, hauspo batzuen bitartez eskuratuko du haize hori.
    • Haize-eramaleek, berriz, hauspoek eragindako haizea sekretuetaraino daramate, egurrezko kaxa antzeko batzuetaraino, alegia (sekretuon gainean daude hodiak). Sekretua organoaren barne-mekanismoaren oinarria da eta bere baitan musika tresna horren funtzionamendurako oso garrantzitsuak diren elementuak dauzka:
      Haize kutxa: sekretuaren beheko aldean dago eta bertan gelditzen da metatuta haizea, gero hortik aukeratutako hodietara bidali edo banatzeko. Sekretuaren neurri berekoa den kutxa hori hermetikoki dago itxita ea bertaraino iristen dira oinarrizko elementu hau zein teklatua batzen dituzten osagaiak.
      Osagaiok, haize-kutxaren zuloetatik barrena, balbulekin uztartzen dira. Hermetikotasuna ziurtatzearren, zulo horiek larruzko mintz txiki batzuez (“tetilla” izenekoez, alegia) estalita daude. Balbulak egurrezkoak dira eta haize-kutxako sabaiaren kontra itxita egon ohi dira malguki batzuei esker. Organojoleak tekla bat zapaltzen duenean, dagokion balbula ireki egiten da eta, ondorioz, haizea kanal batera pasatzen.
      Kanal horretatik zehar, nota bereko hodi guztietara iritsiko da azkenik haizea.
      Korrederak deitu egurrezko pieza luze eta mugikor batzuei esker, berriz, organojoleak nahi duen erregistroa aukera dezake. Korredera horiek zulatuak daude eta egurrezkoak diren bi plaken artean doaz. Azpiko estalkia edo tapa kanalen gainean dago kokatuta eta organoak dituen hodi kopuru adina zulo dauzka; goikoak ere beste horrenbeste zulo ditu eta horietan sartzen dira hodiak. Zulo horiek denek batzuek besteen gainean egon behar dute, soinua sortuko bada.
      Bada, bukatzeko, pandereta izeneko plaka multzo bat ere, hodiei goitik behera zuzen eusteko dagoena, alegia.
    • Teklatuak eta sekretuak batzen dituzten osagaiak: Sekretuaren elementu horiek mugitzeko bi mekanismo daude: erregistroei dagokiena bata (horren bitartez, soinuaren tinbrea aukeratzen delarik) eta balbulei bestea (nota aukeratzeko balio duena, hain zuzen).
      • Erregistroei eragiteko, teklatuaren albo bietan kokaturiko heldulekuei (erregistroen tiragailuei) tira egiten zaie. Ondorioz, dagokion korredera mugitzen da eta haizea modu horretan aukeratutako hodietara iristen.
      • Balbulei eragiteko, aldiz, “arazo” bat konpondu behar da: hodi bakoitza “bere” teklaren gainean balego, ez litzateke arazo hori sortuko eta noten transmisioak edo igorpenak ez luke zailtasunik izango. Baina normalean egoera bestelakoa da, sekretuaren luzera teklatuarena baino handiagoa izaki. Arazo edo eragozpen hori, hain justu, erredukzioaren bidez gainditzen da: trapezio itxurako plaka horren alderik luzeenak sekretuaren luzera bera dauka eta motzenak, berriz, teklatuaren luzera bera. Hau da: sekretuaren neurria teklatuaren neurriraino murrizten du elementu horrek (hortik datorkio bere izena) eta ondorioz, 80 cm. inguruko teklatuaren aginduak sekretuko hodietara iristen dira (6 m-tatik gora izan ditzaketen hodietara ere bai, hain zuzen).
        Erredukzioaren gainean egurrezko edo burdinezko barra batzuk daude eta barra horiek molinete deitu ardatzen biran dabiltza, alboko mugimendua sortuz. Tekla bakoitzak bere ardatza dauka eta ardatz bakoitzak, berriz, bi beso: bata mutur bateko teklari lotuta eta bestea kontrako muturreko balbulari uztartua. Tekla bat zapaltzen denean, ardatzak biratu egiten du poliki-poliki eta kontrako besoa ere mugi dadin eragiten du. Ondorioz, aukeratutako balbula ireki egiten da eta haizea dagokion kanalera iristen. Hau da, erredukzioa medio, organojolearen eskuek balbula hori “zuzenean” irekitzen dute (eta hori ezinbestekoa da, baldin eta haizea aukeratutako hodira iritsiko bada eta hortik barrena, musika itxuran kanporatuko).
To top