ONDAREA

Mitologia Ataunen

“Izena don guztie omen da…” edo ”Direnik ez da sinistu behar; ez direnik ez da esan behar” moduko esaera tradizionalek ataundarrek mitologian duten sinismena azaleratzen dute, Ataunen pisu handia duen gaia baita mitologia.

Herria aspaldidanik egon da murgildua nekazal eta abeltzain munduan eta, beraz, naturaren esanetara. Honela bada, prozesu naturalei zein arriskuei aurre egiteko edo beraietatik babesteko, kondairak ingurunea ulertzeko tresna izan dira beti; beste azalpenik ezean, herritarrek euren buruak lasaitzeko edo ernetzeko erabiliak.

Eta honetarako herriak ingurune paregabea eskaintzen du bere mendi, koba, trikuharri eta abarrez josirik. Ahozko tradizioaren parte izanik, batzuetan kondairak bere horretan mantendu dira urteetan zehar; beste batzuetan aldiz, ahoz aho ibiltzean izen desberdinak hartuz, kokalekuak aldatuz,… aldaketa asko jasan dituzte. Kondairak unibertsalak eta aldi berean lokalak dira beraz. Eta egungo teknologia berrien eta industrializazioaren itzalean, auzo-lanean nahiz taldean kontu-kontari aritzeko ohiturak agortzean, soka hau leku gehienetan ia eten egin da.

Ataunen ordea, Joxemiel Barandiaranek egin zuen nahikoa lan hau gerta ez zedin. Ahozko tradizioa paperean bilduz utzi zion herriari altxorra, betiko sinismena manten zedin. Honi esker ezagutzen dira Ataunen hainbat eta hainbat txoko zein istorio mitologiko, herritarren artean urtero San Martin jaietan Jentilen Etorrera ospatuz ezagutarazten direnak.

JENTILEN ETORRERA

“Joxemiel Barandiaranek jaso zuen mundu magikoa, ataundarrek antzeztua”.

Horixe da Jentilen etorrera, sortzaileetako batek dioen moduan. 1981ean San Martin auzoko festetara jendea erakarri nahian sortu zen proiektu hau, jentilak protagonistatzat hartuta. Izan ere, ataundarrei, eta batez ere Aiako auzokideei “jentil” deitu izan baitzaie maiz, bestela ere herria jentilen istorioz josita dagoelarik. Ez dira ordea jentilak protagonista bakarrak: basajaunak, SanMartintxiki, sorginak, lamiak,…

Urtez urte Ataungo ingurumarietan kokatzen den kondaira desberdin bat kontatzen da protagonista desberdinak ezagutaraziz, eta herria mitologiaren munduan murgilduz. Hala nola, besteak beste azken jentilarena, agerre baserriko urrezko izararena, Muskiko Tortoren kondaira, gariaren sekretua, Arbeldiko neska Agamundako leizean erori zenekoa eta abar luze bat kontatu dira. Azaroko San Martin Jaietako (azaroak 11) igandean, arratsaldeko 18etan, mendian suak pizten direnean, herriko argiak itzaltzen dira eta lehena eta oraina elkartuz ikuskizuna hasten da. Heldu dira jentilak herrira. Herritarren izenean San Martingo plazatik ateratzen dira alkate, apaiza, aguazil eta guzti aurretik pregoilaria dutela, Jentilbaratzatik datozen jentil, sorgin eta bestelako pertsonaiekin Iztatorren elkartu eta Auzoeta kiroldegian ikuskizuna antzeztuz.

GAU IBILALDI MITOLOGIKOAK

Gau Ibilaldi mitologikoa. Garai bateko ipuin eta leienda harrigarrien munduan sartuko gara Ataunen bihotzean eta Joxemiel Barandiaran bizi izan zen inguruan.

Euskal mitologiako pertsonaia ezagunak izango ditugu lagun bidean zehar. Horretarako, garai bateko herri-bidean, oinez egingo dugu Barandiaran Museotik abiatu eta San Martingo plazara, 3 kilometroko ibilaldi harrigarri eta sorpresaz betea. Pertsona helduek, gazteek eta haurrek lasai asko egin dezakete ibilaldia.

Ataunen gorde eta galdu ez diren kontu-zahar eta leiendak, naturaren erdi-erdian txertatzen ditugu, urtero bospasei pasarte antzeztuz eta errepresentatuz.

Sarrerak erosteko eta ekitaldien inguruko informazioa ikusteko sartu Jentilbaratza Elkartearen atarian

KONDAIRAK IBILBIDE MITOLOGIKOETAN


Barandiaran ibilbidea
Ataungo mitologian barneratuz

Plazako eliza jentilek egina dela esan ohi dute. Kristauak orain hilerria dagoen tokian hasi omen ziren eliza egiten, baina egunez han biltzen zituzten harri guztiak, gero, gauez, Jentilbaratzako jentilek beheko erreka ondora, orain eliza dagoen lekura, jaisten omen zituzten. Gau batean Zaindegiko andre bat etxeko leihotik begira zelatan jarri omen zen, harriak behera nork jaisten zituen ikustearren. Jentil bat idiekin lanean omen zebilen, eta Zaindegi ondotik igarotzean esan omen zion:
Aida zurie, aida gorrie, Zelatan dagon andra horri Ataiok ezkerreko begie
Ordutik aurrera andre hura begibakar gelditu omen zen, eta geroztik denak jentilen esanetara makurtu eta orain dagoen lekuan eliza egiten jarri omen ziren.

Munduan beste asko bezala, behin batean Sanztegiko gizona idiekin omen zebilen soroa lantzen.

Halako batean idiek alde egiten omen diote Lamiñosinera, atzeko arrea eta guzti. Osin horretatik lamia bat ateratzen da arrearen hortzak ileetan trabatuta.

Gizonak esan omen zion orduan lamiari berak mantenduko zuela eta joateko bere etxera. Hala joan omen zen lamia Sanztegira, gizonak esan bezala. Alabaina eginahalak egin arren, ez omen zion hitzik ateratzen. Halako iluntze batean, esnea egosten jarri eta lamia sukaldean bakarrik utziz jaitsi omen zen ukuilura gizona. Esnea gainezka hasi zenean, “txurie gora” deiadar eginez tximiniatik gora alde egin omen zuen lamiak, bere orrazia han utzita.

Hurrengo batean, atzera etorri eta hots egin omen zion Sanztegiko etxekoandreari:

Andra Geaxi;
Ekatzu nire orrazi;
Bestela galduko dittut;
Zure ondorengo azkazi

Orduan Geaxi konfesorearengana joan omen zen zer egin behar zuen jakiteko, eta hark esan omen zion aga edo makila luze baten gainean jar zezala lamiaren orrazia. Horrela egin omen zuen Geaxik, eta deitu omen zion lamiari. Hau etorri omen zen, eta orrazia hartu eta makila bitan puskatuta alde egin omen zuen. Hori hala bazen, sartu dadila kalabazan.

Muskiko koban bizi zen jentil batek behin kristau bat harrapatu omen zuen. Kobatik alde egin ez zezan, eraztun magiko bat eskuko behatz batean sartu omen zion, “hemen nago, hemen nago” deiadarka aritzen zena.

Behin, kristaua jentilak pilatuta zituen ardi-larruen artean ezkutatu omen zen. Eraztunaren hotsa urruti xamar entzuten zuela eta, kanpotik ote zetorren pentsatzen jarri zen eta atea ireki zuen, kobatik irtenez. Orduan, jentilak larru pila astindu eta lasterrari emanda jesus batean handik alde egin omen zuen.

Baina jentilak eraztunaren hotsa entzun, eta bere atzetik jarraitu zuen korrika. Kristauak berehala etsi egin omen zuen orduan egoera ikusita, eta eraztuna zeraman behatza moztu eta Mekolaldeko ibaira botatzea pentsatu, eta, egin, egin zuen. Jentilak, eraztunaren deiadarrak errekako osinetik zetozela entzutean, bertara salto egin zuen eta han ito zen. (Tartalo)

Jabier Arratiñeakoa, mutil gazte harroa, Urretsura gau batean beilara joan omen zen. Garai hartan, inguruko neska gazte guztiak Urretsun elkartu ohi ziren ardatzera.

Elkarren artean ondo pasa ondoren, Jabierrek, bere burua apaiztzat jarri eta, gaztaina egosi bana eman omen zien neskei, jaun-hartze moduan.

Beranduago, etxera zihoala esaten hasi omen zen, eta neskek ez omen zioten utzi nahi joaten, bekatu handia eginda zegoela eta zerbait gertatuko ote zitzaion beldurrez. Jabier ordea, mutiko harroa izaki, abiatu egin omen zen.

Tellerietxe aldera zetorrela, zezengorriak ikusi omen zituen Laioako basotik beregana zuzenduz. Beldurrez, mutilak lasterrari eman omen zion, Tellerietxeko atea joz. Han txakur bat eskatu omen zuen, eta talo batekin txakurra tentatuz abiatu zen bere bidean. Orduan suzko zezengorri bat agertu omen zitzaion, berriro ere Laioatik beregana zetorrela. Hark, ordea, ez omen zuen izutzen, txakurra alboan zuen bitartean.

Lauztiazpikoa aldean Arratiñea alderako bidegurutzea hartzen deneko puntura iritsi zenerako taloa amaitu egin zitzaion, eta txakurrak Tellerietxe aldera buelta hartu omen zuen. Orduan, berriro zezengorriak agertu omen zitzaizkion. Jabier, berebiziko lasterrari eman eta, estu eta larri sartu omen zen Arratiñea baserrian.

Gau hartan Arratiñea baserriko behiek ez omen zuten onik izan. Han izan omen ziren orro, adar eta ganbela-hotsak.

Jabier Arratiñeakoa, mutil gazte harroa, Urretsura gau batean beilara joan omen zen. Garai hartan, inguruko neska gazte guztiak Urretsun elkartu ohi ziren ardatzera.

Elkarren artean ondo pasa ondoren, Jabierrek, bere burua apaiztzat jarri eta, gaztaina egosi bana eman omen zien neskei, jaun-hartze moduan.

Beranduago, etxera zihoala esaten hasi omen zen, eta neskek ez omen zioten utzi nahi joaten, bekatu handia eginda zegoela eta zerbait gertatuko ote zitzaion beldurrez. Jabier ordea, mutiko harroa izaki, abiatu egin omen zen.

Tellerietxe aldera zetorrela, zezengorriak ikusi omen zituen Laioako basotik beregana zuzenduz. Beldurrez, mutilak lasterrari eman omen zion, Tellerietxeko atea joz. Han txakur bat eskatu omen zuen, eta talo batekin txakurra tentatuz abiatu zen bere bidean. Orduan suzko zezengorri bat agertu omen zitzaion, berriro ere Laioatik beregana zetorrela. Hark, ordea, ez omen zuen izutzen, txakurra alboan zuen bitartean.

Lauztiazpikoa aldean Arratiñea alderako bidegurutzea hartzen deneko puntura iritsi zenerako taloa amaitu egin zitzaion, eta txakurrak Tellerietxe aldera buelta hartu omen zuen. Orduan, berriro zezengorriak agertu omen zitzaizkion. Jabier, berebiziko lasterrari eman eta, estu eta larri sartu omen zen Arratiñea baserrian.

Gau hartan Arratiñea baserriko behiek ez omen zuten onik izan. Han izan omen ziren orro, adar eta ganbela-hotsak.

Behin, Artzate baserrikoak arrauka osatzen ari omen ziren, karea egin ahal izateko. Iruzuloetako gainetik jentilak oihuka hasi zitzaizkion. Behetik horrela erantzun omen zien:

Hobe zenukete, horrela aritu ordez, jaitsi eta lagunduko bazenute.

Jentilek, hori entzutean, hartu omen zuten berealdiko mailo handi bat eta, zast!, bota omen zuten eta arrauka guztia deseginda utzi omen zuten.

Berrenoa ibilbidea
Sorginen aztarnak jarraituz

Mandaibietako zubia sorginen elkargunea omen da Ataunen. Hemen eta mendi urrunetako inguruneetan elkartzen omen dira gauero, gaueko hamabietatik oilarrak kukurruku egin arte.

Nafarroako Sakanako mandazain bat Ataunera etortzen omen zen gatza saltzera. Etxerik etxe ibiltzen omen zen lanbide horretan.

Behin, Ataundik etxera zihoala, bidean berandutu eta basoan ilundu omen zitzaion. Ustez hobe beharrean, Berrenoako zelaian, beharbada Dantzaleku izeneko zabalean, gelditzea erabaki omen zuen.

Mandoa bazter batean lotu omen zuen eta zelaiko pago baten lepora igo zen. Hantxe jarri omen zen gaua igarotzeko, basoko piztien beldurrik ez baitzuen nonbait.

Han zegoela, gauerdi inguruan, lagun-talde baten hizketa hotsa aditu omen zuen eta Berrenoako lepora zetozela iruditu.

Berehala iritsi omen ziren sorginak, talde handian, eta dantzari ekin zioten iskanbila batean.

Denboraren buruan, Maripetraliñ agertu omen zen, eta lagun bat hartu eta pago-ondo batean jarri omen zuen bere alboan. Hauxe esan zion:

– Ba al dakin erregeren alaba gaixo dagoela, hiltzeko zorian?

– Nik ez – erantzun omen zion besteak.

– Ez zekiten asko zergatik dagoen horrela.

– Zergatik bada?

– Aurreko igandean, neska hau elizan mezetan zegoela, besteei bezala ogi bedeinkatua eman ziotenean puska bat erori zitzaion, eta azpiko hilobi-harriaren ertzeko zulotik behera ezkutatu zen. Orain zapo batek zeukan eztarrian, ezin irentsirik. Zapo horri hori kendu eta holako iturritan garbitu eta gaixoari janarazten badiote, berehala sendatuko da.

Berehala oilarrak kukurruku jo omen zuen eta sorginek bat-batean alde egin.
Mandazainak ondo ikasi omen zuen sorginen esana eta, eguna argitzean, pagotik jaitsi, mandoa hartu eta bere herrira itzuli omen zen. Gero erregerengana joan zen.
Erregeri kontatu omen zion Berrenoan entzuna, eta erregek egin beharrekoak egin, eta alaba sendatu ere bai. Hala bada, mandazaina erabat aberastu omen zuen erregek.

Mandazain horrek ba omen zuen anaia bat ere, istorio hau entzutean mandazain hastea erabaki zuena. Ataundik etxera zetorren batean, Berrenoako zelaian gelditu omen zen, mandoa ezkutatuta eta pago gainera igota. Gauerdian hasi omen zen sorgin-bilera, Maripetraliñ ere azaldu zelarik:

– Ba al dakin erregeren alaba sendatu dela?

– Ez. Ea baten bat guri zelatan egoten den…

– Baliteke, gero. Begira ditzagun bazterrak badaezpada.

Berehala aurkitu omen zuten mandoa, baita mandazaina pago-gainean. Handik jaitsi eta bere mandoarekin sasiz sasi ibili omen zuten. Eskerrak oilarrak kukurruku jo zuela eta sorginek alde egin beharra izan zutela.

Eguna argitzean, mandazaina bere mandoarekin, elbarri eta errenka, lanbide horretan aritzeko gogorik gabe itzuli omen zen etxera.

Jentilbaratza ibilibidea
Jentilak zelatan

Plazako eliza jentilek egina dela esan ohi dute.
Kristauak orain hilerria dagoen tokian hasi omen ziren eliza egiten. Baina egunez han biltzen zituzten harri guztiak gero gauez Jentilbaratzako jentilek beheko erreka ondora, orain eliza dagoen lekura, jaisten omen zituzten.

Gau batean Zaindegiko andre bat etxeko leihotik begira zelatan jarri omen zen, harriak behera nork jaisten zituen ikustearren.

Jentil bat idiekin lanean omen zebilen, eta Zaindegi ondotik igarotzean esan omen zion:

Aida zurie, aida gorrie,
Zelatan dagon andra horri
Ataiok ezkerreko begie

Ordutik aurrera andre hura begibakar gelditu omen zen. Eta geroztik denak jentilen esanetara makurtu eta orain dagoen lekuan eliza egiten jarri omen ziren.

Behin batean Jentilbaratzan jentil indartsu bat bizi omen zen: beste jentil guztiak mendean omen zituen.

Bere denbora Jentilbaratzatik Leizadira eta Leizaditik Jentilbaratzara bueltaka pasatzen omen zuen. Halako batean, kristauen artera joatea erabaki omen zuen, han berarekin borroka egiteko gizonik ba ote zen.

Joan omen zen Lazkao aldera, eta bidean hamalau urteko mutiko bat bilatu omen zuen. Hura gizona al zen galdetu omen zion. “Oraindik ez naiz ni gizona, gaztetxoa naiz bada ” erantzun omen zion mutikoak.

Lazkaotik behera Senpere aldera zihoala gizon zahar bat aurkitu omen zuen, eta honi ere galdetzen omen dio ea gizona al zen. Bera adinean aurrera eginda, baina Beasaingo olan bilatuko zituela behar bezalako gizonak, erantzun omen zion.

Baita joan ere jentil hura zuzenean Beasaingo olara, han gizonik ba ote zen galdezka. Kristau errementari bat atera omen zitzaion. Jentilak esan omen zion orduan: “Niri atzaparrik bueltatuko didan gizonik bada, atera dadila”.

Errementari hark baietz esan omen zion, “nik bi behatzekin heldu bitartean itxaron”. Hala, sutan guritutako tenazekin sudurretik heldu jentilari eta sudurra moztu omen zion.

Jentila garrasika Jentilbaratzara itzuli omen zen. Bere lagunek “Zer egin dizute?” galdetu omen zioten. “Kristauek arte gaiztoak dituzte ” erantzun omen zien. Eta ordutik jentilek kristauei beldurra hartu omen zien.

Behinola, Jentilbaratzan jentilak bizi omen ziren. Askotan gauez Agerre baserrira jaisten omen ziren karta-jokoan aritzera, egunsentian oilarrak kukurruku jo artean.

Behin Agerreko nagusia gaixotu egin omen zen, eta elizakoak hartzera omen zihoan. Jentilek hori jakin zutenean, nahiz eta kristauak ez izan, urrezko izara Agerrera jaitsi omen zuten, eta gaixoaren ohea jantzi omen zuten elizakoak hartu zitzan.

Dirudienez, Agerrekoek urrezko izara eurentzat nahi izan zuten, eta iltzez oheari josi omen zioten, baita geroxeago oilarrari kukurruku jo arazi ere.

Jentilek oilar kantua entzutean izarari tira egin eta berehalakoan alde egin omen zuten, baina izararen zati bat oheari lotuta gelditu zen. Jentilek deiadar egin omen zien, Agerre Agerre zen bitartean, ez zela faltako eririk edo besamotzik etxe hartan. Ordutik beti izan omen da pertsona eriren bat Agerren.

Sarastarri ibilbidea
Kobaren sekretuak

Armontaitzeko leizea Leizadiko mendietan kokatzen da, Aiarre baserriaren gainaldean. Mendiurkullu baserriko artzainak koba honetan gordetzen omen zituen bere ardiak gauez. Goizetan oinatzez josita egoten omen zen sarrera lohitsua, jentilak bizi ziren seinale.

Sarastarri inguruan lanean ari zen ikazkin talde batek koba barrenean den putzu horretatik ateratzen zuen behar zuen ura. Egun batez, ikazkin gazte bat ur bila joan zen kobara bere pitxarra hartuta, baina ikaratuta eta urik gabe itzuli zen txabolara.

Orduan, ikazkinetako buru zen bat joan zen hara, baina hura ere ikaratuta eta txarroa urik gabe zuela itzuli zen. Biek gauza bera esaten zuten: kobaren sarreran emakume gazte eder bat, gorputz lirainekoa, ikusi zutela, ileak orrazten; Ama Lurra bera, Agaramundatik etorrita Marimunduko zela, eta halako leku batean era horretako ikuskizun bat ezin zitekeela parte onekoa izan pentsatuz, ihes egin zutela.

Imatzenea baserriko hiru anai, ostiral santuz mendira igo omen ziren, Ubegiko saroira, beren ardiekin. Ubegiko leize inguruan zebiltzala, leizetik hiru zezengorri irten eta beraiengana omen zetozen. Hiru anaiak, izututa, Agautz gainera ihesi joan omen ziren, zezengorriak atzetik zituztela.

Hiru anaietan bat Agauzko Aldatsa harratean hil omen zen; bigarrena Erremedio inguruan, eta hirugarrena iritsi omen zen etxera, baina egun gutxi iraun omen zuen bizirik.

Jentilak Leizadiko koban batean bizi zirela, sekulako izar eder bat hodei artean agertu omen zen. Halako izarra ikustean, jentil hauek, erabat ikaratuta, munduan zer gertatu behar ote zen ezin asmaturik omen zebiltzan.

Halako batean, koba barnean erdi itsututa zegoen jentil zahar bat ataka aurrera atera zuten, eta pala edo endai baten laguntzaz begiak ireki omen zizkioten, hark izar hura zer zen antzemango ziolakoan. Baita ikusi orduko deiadar egin ere, “Ah, ene umeak: Kixmi jaio da, galduak gara oraintxe! Bota nazazue amildegian behera!” Eta hala hil omen zen jentil zaharra.

Gero, kristautasuna munduan zabaltzen hasi zenean, jentil denak sakabanatu eta berehala galdu omen ziren.

KONDAIRAK HERRIAN ZEHAR

Gipuzkoako 7 amabirjina beltzak, garai batean Umarkiko ingurunean zen San Sebastian baselizatik irten eta Gipuzkoa guztian zabaldutakoak omen dira.

Anton sakristaua Ordizira joan omen zen behin.
Gauean, etxerakoan, Umarki aldean asto bat agertu omen zitzaion, eta bere aurretik omen zihoan.

Anton sakristauak asto gainera igo nahi zuen, eta baita igo ere.

Urkuola ingurura iritsi zirenean, asto horrek Urkuola aldera egiten omen zuen, eta sakristauak berriz gora jarraitu nahi zuen.

Ezin burutu asto horrekin eta aizto bat sartu omen zion bizkarretik.

Astoa, bere aizto eta guzti, Urkuola aldean ezkutatu omen zen, eta sakristaua berriz oinez bere etxera joan omen zen.

Laster bikarioa etorri omen zitzaion Urkuolara elizakoak egitera joan behar zutela esanez.

Bikarioa eta sakristaua badoaz Urkuolara. Andre zahar bat omen zegoen han gaixorik.

Sakristaua ikusi zuenean, gaixoa beste aldera itzuli omen zen eta ez omen zuen konfesatu nahi izan.

Azkenean elizakoak eman gabe atera omen ziren handik bikarioa eta sakristaua.

Bidean sakristauak azaldu omen zion Urkuola inguruan aurrez gertatutakoa.

Orduan bikarioak igarri omen zuen zergatik ez zion begiratu nahi izan andre hark sakristauari eta ze gaixotasun zuen. Atzera Urkuolara itzuli omen zen, bakarrik ordea. Orduan, andre zahar hura konfesatu omen zen, eta gero hil.

Berrarain baserritik gertu Agauntza ibaiak badu putzu bat, Lamiñosin izena duena. Behin, gizon bat omen zihoan inguru hartatik, eta bi lamia inguratu omen zitzaizkion. Batak besteari esan omen zion:

Elakio, elakio (eutsiozu, eutsiozu)

Eta besteak erantzun:

– Hik elakio. Hor zeuzken horrek
Amak jarrita

Errueda eta apioa (errueda eta apio sortak kuttun moduan erabiliak dira).

San Joan goizeko lehen eguzkiak jotzen duen lekuan urrea omen dago idi-narru batean gordeta, Urrezuloko armurea lekuko.

Artzateaitz mailoan dauden kobak, eta batez ere Artzateberri baserritik gertuen dauden biak, jentilek horzkadaka ireki omen zituzten. Halaber, koben aurrean dauden intxaurrondoak jentil hauek jarriak omen dira.

Ataunen esaten da ezin zaizkiola eman etxeari hiru itzuli gauez, baina bai eskuan erramu adar bat eramanez. Gauero emakume talde bat ardatzera biltzen omen zen Erremediotik gertuen dagoen baserrian.

Gau batean, haietako batek, Kattalin izenekoak, baserriari hiru buelta emango zizkiola apustu egin zuen gainerakoekin. Bi itzuli eman zituen, baina hirugarrena ematean desagertu egin zen. Denboraren buruan, Kattalinzubin ondoko hitzak entzun omen ziren: Kattalin, deabruk eraman din. Eta ez zen Kattalinez ezer gehiago jakin.

Suge-ar. Ataun aldean, zerua suzko ilargi-erdi baten itxuran igarotzen duela esaten da, ekaitza iritsi aurretik. Lurpean bizi dela uste da, eta lurrazalera Agaramundako leizetik, Kuutzegorriko Sugaarzulotik edo Arratetako Sugaarzulotik ateratzen da. Sugarrak gurasoen aginduak ez betetzea zigortzen du.

Esaten denez, Artzateko mendi lepoaren gainetik, aurrez aurre dauden Gurutzeberri eta Azpildiko harkaitzen erdian, behin batean, ezin konta ahala suzko zaldi igaro ziren Sugaarzuloren parean. Amildegiaren gainetik eta harkaitzean zehar doan bidexka estu baten ondoan dago leize hori.

Erreberentzilekun, San Gregorioko elizatik gertu dagoen magal batean, urrez betetako idi-narrua omen dago ezkutaturik. Hain dago lurrazalean, ahuntz baten azkazalarekin azalera omen dezake. Larburu eta Urkullaga-ko bideen arteko mendixkan ere beste idi-narru bat ezkutatzen omen da, ardi azkazal batekin bistaratzeko moduan.

San Gregorioko elizbarrutiko agureek ziotenez, ura eskatzeko prozesio batean, batek zaindariaren irudia urez busti omen zuen Gomensoroko iturritik igarotzean. Berehala berebiziko ekaitza hasi omen zuen, elizara heltzerako denak bustiz.

Aia auzoko elizbarrutian, Santixabelekin ura eskatzeko prozesioan zihoazela, Aiarre eta Aiaetxeberri baserrien arteko iturrian irudia busti zuten, eta elizara heltzerako euria hasi zuen. Egundoko euria egin zuela esaten da: lur asko eraman omen zuen, uztan kalte handiak eraginez.

Mateo Txistu, ehiza-zaletasun gehiegizkoa ordaintzeko, hor doa munduan zehar, ez bake-une eta ez atseden, bere txakurrak atzetik dituela.

Mateo apaiza, behin, meza erdi esanik utzita txakurrekin erbi baten atzetik joan zen. Inork ez du ikusi ordundik, baina, askok diotenez, gure baso eta mendietan entzun omen dute haren txistua eta bere txakurren marru ilun eta beti berdina.

Behin batean, Tellerietxe baserriko emakume batek ikusi omen zituen, neguko gau batez, ilargiaren argitara, apaizaren eta bere txakurren itzalak; baina inork ez omen ditu aurrez aurre ikusi.

Garai batean ardazle sail handi bat biltzen omen zen Lauspeltz baserrian gauero-gauero. Gau batean, bertako neskak “Baietz Iturriotz aldeko mendian dagoen iturritik ura ekarri ” eta “ezetz” eginez tematu omen ziren, eta apustua egin ere bai. Honela bada, hartu errada (ontzi mota bat) eta iturrira abiatu omen zen nesketako bat, besteak Lauspeltz atarian ilargipean zirela.

Tarteka, “Non haiz?” – deiadar egiten omen zioten, eta hark “Halako tokitan” – erantzuten omen ziren. Baina, bat-batean, erantzunak amaitu egin ziren.

Halako batean, Lauspeltzeko atarian haize bolada bat iritsi eta norbaitek esan omen zuen:

Gaua gauekorentzat, eta eguna egunekoentzat.

Ez omen zen neska hartaz ezer jakin. (Gaueko)

Arbotxota izeneko lekuan, Ataunen, Iturritzako baserrietatik gertu, bazen harkaitz handi bat; askoren esanetan, ez zen ukitu behar harkaitz hori bedeinkatu gabe. Sugaar izeneko ireluak bota omen zuen Muski mendi-gailurretik.

Aia auzoko etxe batean San Gregorioko neska gazte bat omen zegoen neskame. Jaiero jaisten omen zen bere gurasoen etxera eta gero, igande iluntzeetan, Aiara itzultzen omen zen, erabat nagituta. Harrek ere bere etxean nahiago, neskame baino. Horregatik ama maiz haserretzen omen zitzaion.

Behin, igande iluntze horietako batetan, amak madarikatu omen zuen, Aia aldera abiatzeko, beti bezala berandu baitzebilen. Neska negarrez abiatu omen zen Aia aldera, Agaramunda zeharrean gora. Agaramundako leizera heldu zenean leize-ataka gainean zegoen urritzera igo omen zen, bertako urrak bildu nahian.

Ezbeharrez, ordea, adarra hautsi eta leize barnera erori omen zen neskatoa. Egunetan haren bila ibili omen ziren auzokideak eta etxekoak, baina neskaren arrastorik ez. Geroago, neskaren behatz bat bere eraztunarekin topatu omen zen Arbeldiko zubipean, (beste batzuen esanetan Andraleizetako sukaldean).

Urte batean, Martxoak oso eguraldi txarra ekarri zuelako, artzain bat oso haserre omen zebilen. Azkeneko egunean Martxoari hauxe esan omen zion: “Aa Martxo Martxo, diat esker gaizto”.

Orduan Martxoak Apirilari esan omen zion: “Apiriltxo, apiriltxo, ekarri hitzak egun bi eta erdi, artzain honi galdu zatzaizkion bere ehun ardi eta ahari”. Baita apirilak eman ere egun bi eta erdi.

Egun haietan Martxoak izugarrizko ekaitza ekarri omen zuen, ur-erauntsi batek ardi guztiak Ubegiko leizean desagerraraziz. Artzainak ahariari heldu omen zion, baina adarra begian sartu eta begia galdu zuen. Geroztik, apirilean lehenengo bi egun eta erdi eguraldi txarrekoak izaten omen dira. (Zozomikoteak)

Izen honekin ezagutzen dira Marumendiko leizeetan bizi diren izaki beldurgarriak. Herritarrak beldur ziren, inguru haietara hurbiltzen zen edonor desagertzen baitzen. Abelburuak lapurtzen zituztela ere esaten zen. Ataunen Mauzulo izeneko bi koba daude.

Duela urte batzuk, jentil gazte bat Erroiondo baserrira jaisten zen, auzoko neska gazteekin ardatzean aritzera. Behin, gazte batek hitz gaiztoren bat esan omen zion, eta ordutik ez omen da itzuli.

Aian gutxienez bi lekutan bizi omen ziren jentilak: Armontaitzen eta Aiaiturrietan.

Aiaren gain-aldean den Armontaitze kobazuloko emakumezko jentila, Zirpizirbi izenekoa, Aiarrezar baserrira joaten omen zen , bertakoei Kixkarre izeneko soroan artajorran laguntzera.

Goiz aldean nonahi ikusten omen ziren jentilen oinatzak, gauez egindako ibileren seinale. Behin, ordea, lanean ari zirela, Aiaiturrietako  jentil batek oihu egin omen zuen esanez: Zirpizarba hil da. Zirpizirbi berehalaxe jaitsi omen zen Aiaiturrietara.

Hurrengo egunean Zirpizirbik, Aiarrera joan zenean, Zirpizarba hil zela esan omen zuen.

Behin, nafar batek Irumugatako mugarria toki batetik bestera aldatu omen zuen. Hil zenean, Irumugata aldean omen zebilen deiadarka esanez:

Irumugatako mugarria,
Nire animaren galgarria,
Non sar! Non sar!

Halako batean, atera duan tokian sar ezak erantzun omen zion beste nafar batek. Ordutik aurrera ez omen zen gehiago beste hotsik entzun.

Askoako koban basajaun bat bizi omen zen. Behinola, Ataungo ikazkin talde batekin elkartu omen zen. Ikazkin haietako batek, bere aizkorarekin enbor batean zuloa egin ondoren, basajaunari esan zion eskuak han sartzeko, barrutik aizkora heldu eta beste aldera pasarazteko.

Basajaunak esandakoa egin zuen, baina ikazkinak aizkora atera zuen, enborreko irekiunea itxiz eta basajaunaren eskuak bertan harrapatuz.

Ikazkinek herrira jaitsi zuten basajauna jendeak ikus zezan, eta ondoren askatu egin zuten, baina denbora gutxira ikazkina desagertu egin zen arrastorik utzi gabe.

Behin, artzain bat Leizadiko borda batean bizi omen zen. Egunero-egunero, gatzura prestatzen zuen garairako, goiko kobatik jentil gazte bat jaisten omen zitzaion, eta harrizko eserleku batean eseri eta dena edaten omen zion.

Halako batean, artzainak bere lagun bati kontatu omen zion gertatzen zitzaiona, eta hark esan omen zion hurrena jentila joaten zenerako eserlekua sutan gorituta jar zezala.

Hurrengo egunean lagunak esandakoa egin omen zuen. Sutatik harrizko eserlekua atera bezain laster heldu omen zen jentila. Betiko moduan bere eserlekuan eseri zen, baina berehalakoan deiadarka altxa eta alde egin zuen.

Hotsak entzunda, jentilaren gurasoak atera ziren kobaren kanpoaldera, eta semeari galdeketan hasi: “Zeinek egin dik? Zeinek egin dik?”. “Neuk neuri, neuk neuri ”. “Horrek on egin ziok hor dagoen artzaintxo horri” esan, eta besterik gabe utzi zuten semea.

JENTILAK

Jentilak, kristautasunaren aurreko euskal herritarrak alegia, erraldoiak eta indartsuak dira. Mendian bizi dira eta etsaiei harritzarrak bota ohi dizkiete. Haiek eraiki dituzte, besteak beste, menhinrrak (jentil-arriak) eta cromlechak (jentil-baratzak), baita Euskal Herriko hainbat eliza, zubi eta etxe ere. Mairuak ere esaten zaie. Inork baino lehenagotik ezagutzen dute nekazaritza, eta gizakiari gauza asko irakatsi dizkiote. Horrelako izakiek mitologia indoeuroparrean itzal handia dute.

LAMIAK

Lamiak erreka-zuloetan egoten diren emakume eiteko izaki lirainak dira. Ahate- edo ahuntz-hanka bat dute, ilea urrezko orraziaz atontzen dute eta gizakiak liluratuta uzten dituzte. Grezia eta Erromako mitologian ere agertzen dira.

TARTALO

Begi bakarreko izaki gaiztoa da Tartalo. Haitzuloetan bizi da eta gazteak harrapatu eta jan egiten ditu. Greziako mitologiako ziklopeetan duke jatorria.

BASAJAUN

Izenak berak erakusten digu nor den Basajaun: basoko jauna. Indartsua eta garaia da, eta ilea belaunetaraino iristen zaio. Artaldea zaindu ez ezik, oihu eginda adierazten dio artzainari ekaitza datorrela. Abereak otsoetatik babesten ditu eta gertu dagoenean ardiek zxintzarriak mugitzen dituzte.

SORGINAK

Sorginek akelarre izeneko bilerak egiten dituzte gauez. Katu, asto edo pizti itxura hartzen dute sarritan, eta gorputzaren atal bat falta zaie behin baino gehiagotan (eskua, hanka edo burua). XV- XVII. mendeetan sorginen aurkako hainbat epaiketa egin ziren Euskal Herrian eta auzi horietan guztietan herri-sineskeriak, erlijioa, auzokideen arteko liskarrak eta politika elkarrekin nahasita zeuden.

MARI

Mari jainkosa izadiko erregina da. Gehienetan emakume gorputzarekin eta aurpegiarekin irudikatu da, dotore jantzita (usuenik gorriz). Zuhaitz, arrano, behi edo suzko emakume gisara ere agertzen da. Sugaar da bere bikotekidea. Hainbat menditako leizeetan bizi da (Larrunarri, Murumendi…)

ZEZENGORRI

Zezengorri kobazuloetan bizi den izakia da. Behi edo zezen gorriaren itxura hartzen du eta Mariren bizilekuak zaintzen ditu. Mari bera dela uste duenik ere bada. Ohar bedi zezenak europa hegoaldeko kultura guztian garantiza handia izan duela.

SUGAAR

SugaarMari jainkosaren senarra da. Suge itxura eta ekaitz eta trumoiekin harreman estua du. Besteak beste, gurasoei kasu egiten ez dieten seme-alabak zigortzen ditu.

GAUEKO

Gaueko gauaren jauna da, eta ez dio gizakiari gauez lan egiten uzten. Gauekok gauez balentriak eta apustuak egin ohi dituzten gazteak harrapatu eta berarekin eramaten ditu.

ZOZOMIKOTEAK

Gipuzkoa eta Nafarroako herri batzuetan Martxoaren azken bi egun eta erdiei eta aipirilaren lehenengo bi egun eta erdiei esaten zaie Zozomikoteak. Zozoak kabiak egiten hasten diren garaia da zozomikoteena.

To top