PARCOURS LE DÔME D'ATAUN

4. Informazio puntua

Lehen aipatu den moduan, kareharria, arroka gogorra izan arren, euri uraren eraginpean disolbatu egiten da. Disoluzio honek arrokak dituen pitzadurei eragiten die eta horregatik, arrokak arrakala eta poro txiki ugariz beteta daude. Gertaera honen ondorioz sortuak dira eremu honetan aurki ditzakegun koba eta leizeak, baita barrunbe hauek osatzen dituzten lurpeko galeria kilometrikoak ere. Egitura geologiko hauen multzoari “karst” esaten zaio.

Honen adierazle da kareharria azaleratzen den eremuetan aurki daitekeen “lapiaz” edo “lenar”a ere. Aurrez esan bezala, kareharria euri uraren eraginez disolbatzen denez, honek lurrazalean ikusten dugun arrokak forma oso irregularra izatea eragin dezake, gainazalaren orientazioaren araberako lapiaz mota ezberdinak sortuz. Uraren irristadura zenbat eta plano bertikalagoan gertatu, lenar horiek ildaska luzeak izango dira, jarraiak eta paraleloak. Aldiz, gainazal horizontal batean garatuz gero, “kamenitzak” deitzen diren putzutxoak sortzen dira. Horregatik, lapiazaren ezaugarriak aztertuz, disoluzioa gertatu zen momentuan arrokaren gainazalak euri urarekiko zuen orientazioa ezagutu daiteke.

Fenomeno honen bidez, puntu honetan bidea inguratzen duten arroken sorrera azal daiteke.

Era berean, urak arroka disolbatzearekin kareharrian sortzen diren beste egitura batzuk dolinak dira. Hauek ere ugariak dira eremu honetan eta adibide bat parez pare daukagu. Arrokaren desegitearen ondorioz, lurrazalean inbutu formako depresio edo sakonune batzuk sortzen dira. Dolina batzuk, gainera, inbutuaren behe aldean leize zulo baten sarrera ere izan dezakete, eta hauetariko dolina batzuk, leizearen sabaia kolapsatzeagatik ere sor daitezke.

To top