4. Informazio puntua
Inguru honetan, leku bat baino gehiagotan lubiziak ikus daitezke. Pistaren goiko nahiz beheko aldean lur mugimendu garrantzitsuak daude. Lubiziak hainbat faktoreri lotutako gertaerak dira.
Alde batetik, maldaren eragina dago. Eremu honetan %50eko malda baino aldapa handiagoak daude eta, hemen bezala, malda handia dagoen lekuetan, lurzoruak goitik beherako joera handiagoa izatea begi bistakoa da.
Bestalde, lurzorua osatzen duen buztinak ura xurgatzearen ondorioz, puztu eta pisua hartzeko joera dauka eta izaera honek ere, zenbait kasutan lubiziak eragiteko aukerak handiagotu ditzake.
Gainera, ezponda nahiz lubiziak gertatutako leku batzuetan, lurzoruarekin kontaktuan dagoen arrokak oso gainazal uniforme eta leuna duela ikus daiteke. Horrek lurzorua arrokari heltzea zaildu eta irristadura gertatzeko erraztasunak ematen ditu.
Hori guztia gutxi balitz, pista nahiz bestelako azpiegiturak eraikitzeak lurzorua ebaki eta ezegonkortu egiten du, lubiziak gertatzea erraztuz. Ez da kasualitatea, inguruan dauden lubizi gehienak pista ondoan gertatzea. Horregatik, garrantzitsua da azpiegitura hauek eraikitzerakoan erliebea eta bertako arroka nahiz lurzoruaren ezaugarriak aztertu eta zuhurtziaz jokatzea.