PARCOURS LE DÔME D'ATAUN

6. Informazio puntua

Gure inguruko erliebea milioika urtetan zehar garaturiko prozesu ezberdinen emaitza da. Hain luzea eta konplexua izan den prozesu horretan, geologiak zeresan handia izan du, noski.

Ataungo mendietako arrokak itsaspean metatu ziren garaian, hauen gainean gaur egun Ataunen topa ezin ditugun arroka geruza gehiago zituzten gainean. Material guzti horiek itsaspetik atera eta goratzen hasi zirenetik higatuz joan dira, hauetariko batzuk, erabat higatu eta Ataungo lurretan desagertzera iritsi arte.

Ataunen topa ditzakegun arrokak ezaugarri ezberdinak dituzte eta horrek, neurri batean, hauek jasandako higadura baldintzatu du. Horregatik, oso interesgarria da arroka ezberdinek paisaian ematen duten erliebea aztertu eta interpretatzea.

Gauden tokitik, Domoaren zentrotik abiatuz kanpora alderako erliebea aztertuz gero, segituan ikus daiteke Domoaren ertzeko koroa dela lehen erliebe positibo esanguratsua. Domoaren barruan dauden arroka buztintsuak kareharria baino errazago higatzen direnez, hauek erliebe baxuagoa eman dute Domoaren barru aldean. Kareharri gogorrak higadurari erresistentzia handiagoa jartzen dionez, arroka hauen mailoak gailentzen dira Domoaren egitura zirkularra nabarmenduz. Azken hau gaindituta, Urkilaga aldean berriz ere erliebe baxuagoa antzematen da. Hor aurki daitezkeen “tupa” arrokak, berriz ere, kareharriak baino buztintsuagoak dira eta, lehen aipatu moduan, hauek biguinagoak direnez, gehiago higatu dira. Material buztintsu hauek lurzorua sortzeko emankorragoak direnez, ez da kasualitatea baserri eta nekazal lurrak arroka hauek ditugun lekuetan ugariagoak izatea. Paisaia behatuz jarraituz gero, Agaramunda aldera berriz ere erliebeak gora egiten duela ikus daiteke. Hori, beste behin ere, bertan dauden materialak gogorragoak direlako da. Kasu honetan, kareharri tupatsuak daude (ez dira Domoaren ertzeko kareharriak bezain gogorrak, buztin kontzentrazio altuagoa dutelako). Agaramundatik eskuinerago, Agauntza ibaiaren bailara kokatzen da. Oraingoan ere, material biguinagoak ditugun eremua. Urrunean ikusten diren mendietan hare harri silizeoa aurki daiteke, eta arroka hau osatzen duten kuartzozko hare pikorrek, material nahiko gogorra izatea eragiten dute. Horregatik, azken hauek ere erliebe altuak ematen dituzte gure paisaian.

To top