PARCOURS LE DÔME D'ATAUN

1. Informazio puntua

Behatoki honetatik hegoaldera begira jarriz gero, Agauntza ibaiaren bailara ikus daiteke. Ibaiaren bi aldeetako mendi magalek haranaren “V” forma agerian uzten dute. Horrek, bailara honen eraketan nagusitu den higadura Agauntza errekak eragindakoa izan dela adierazten du.

“V” formako bailara honen hondoan lauguneak ageri dira Agauntza errekaren bi aldeetara. Geologian, ibaiaren altueran geratzen diren eremu hauei uholde lautadak deitzen zaie, hau da, modu naturalean uholdeak direnean ibaiak okupatzen duen eremua. Ibaiak gainezka egitean daramatzan sedimentuak pilatuko ditu eremu honetan, normalean buztinak, lohiak eta hareak. Metro batzuk gorago geratutako lauguneei berriz, “ibai terrazak” deritze. Hauek aintzinako uholde lautada abandonatuak dira, hau da, aintzinako garaietan ibaia kota altuagoetan zegoenean sortutako uholde lautadak. Terrazak, errekak iraganean egindako ibilguan utzitako metakinez osatzen dira. Ataunen kasuan, lantzeko lurrik erosoenak leku hauetan topa daitezke.

Errekak, honek duen energiaren arabera portaera ezberdina izan dezake. Energia asko duenean (uholdeetan), honek bere ibilguko materialak higatzea eragingo du. Higadura hau, urak baino, errekak berak arrastaka daramatzan materialek eragiten dute, batez ere. Erreka energia galtzen doan heinean, ordea, arrastaka zeramatzan material horiek pilatuz joango dira. Materialen higadura eta pilaketa fenomeno horiek ziklikoak izaten dira eta pilaketa neto bat dagoen lekuetan, terrazak sortzen dira. Horiek dira, hain zuzen ere, Agauntza ibaiaren bi aldeetara ikusten ditugun laugune horiek. Terraza horietan zundaketa lanak eginez gero, errekak borobildutako arrokak eta uholde lautadan pilaturiko material finak topatuko genituzke.

To top